Hamabost bidaiari zauritu dira Zarautzen, kamioiak eta autobusak talka egin ostean
Azkoitia-Zarautz ibilbidea egiten ari zen autobuseko hamabost bidaiari zauritu ziren atzo, Meagako igoeran, Vista Alegreko bidegurutzearen parean, kamioi batekin talka egin ondoren.GARA | ZARAUTZ
Meagako igoeran, GI-2633 errepidean, 15 lagun zauritu ziren atzo kamioi batek eta autobus batek izandako istripuaren ondorioz. Autobusean zihoazen bidaiariak izan ziren zaurituak, eta gehienek zauri arinak baino ez bazituzten ere, emakume baten egoera larriagoa zen, eta Donostia Ospitalera eraman zuten.
Azkoitia-Zarautz ibilbidea egiten ari zen autobusa, La Guipuzcoana konpainiakoa, Lurraldebus-en partaide dena. Konpai- niak emandako informazioan oinarrituta, kamioiak atzetik jo zuen autobusa. Alabaina, bidaiari zenbaitek adierazi zuten autobusa izan zela atzetik jo zuena, kamioia oinezkoentzako igarobidean geldirik zegoela.
Ezbeharra 9.00 aldera izan zen GI-2633 errepidean, Vista Alegreko bidegurutzearen parean, Lakuako Gobernuko Barne Sailak jakinarazi duenez.
Zauritu ziren hamabost lagunetatik hamalau Zarautzeko osasun zentrora eraman zituzten anbulantzian. Zauri larriagoak zituen emakumea, ordea, Donostia Ospitalera eraman zuten, mediku azterketa zehatzagoak egiteko. Osakidetzak argitutakoaren arabera, zenbait proba egin zizkioten, baina arriskurik ez zekarten makatu batzuk baino ez zituenez, emakumeak ez zuen bertan geratu behar izan.
Istripuaren ondorioz, errepidearen errei bat itxita geratu zen, talka egin zuten ibilgailu biak bidetik kendu bitartean.
Gipuzkoako Aldundiak Meaga gaineko errepidea hobetzeko asmoa dauka, batez ere, hango bihurgune itxiak aldatuz. Ibilgailuen joan-etorria etengabea ez bada ere, Zarauztik Getariara daraman Meagako errepideak zeregin garrantzitsua du, N-634 errepidea lur jausiak direla-eta itxita dagoenean, bertatik bideratzen baitute trafikoa. Hobetzeko lanekin, bihurgune horiek zabaldu eta bidea erabilerrazagoa izatea nahi du Diputazioak, luizien ondorioz bide nagusia itxi dutelako GI-2633 bidean erabiltzaileak ugaritzen diren uneetan, trafikoa arintze aldera.
Bestalde, hiru lagun zauritu ziren atzo Gasteizen izan ziren beste horrenbeste ezbeharretan, horietako bat 17 urteko txirrindularia, ibilgailu batek harrapatuta.
Txirrindulari bat zauritua
Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera, hiru istripuetako lehenengoa 07.50ean gertatu zen Nieves Cano kalean, Domingo Martinez de Aragon kalearen parean. Oinezko igarobide batetik errepidea gurutzatzen ari zen txirrindularia bete-betean jo zuen auto batek.
Ezbeharraren ondorioz, bizikletaren gidariak zauri arinak izan zituen, eta osasun zerbitzuek bertan artatu bazuten ere, Txagorritxu ospitalera eramatea erabaki zuten.
Hamar minutu geroago, 8.00 aldera, Forondako Atean, auto bat atzetik jo zuen beste batek, Gabriel Zelaia kalearen parean, ibilgailua semaforo baten aurrean gelditu eta gero. Istripua izan zuen gidarietako bat, 53 urteko emakumea, Txagorritxu ospitalera eraman zuten, zauri arinak zituela.
Astearte arratsaldean, kamioi batek 37 urteko lagun bat zauritu zuen, oinezkoen pasabidea oztopatzen zuen ibilgailua saihesten ari zena. Gidariak bat-batean balaztatu zuen kamioia, oinezkoa ez harrapatzeko.
Udaltzaingoaren arabera, zauri arinak baino ez zituen oinezkoak, baina Santiago Ospitalera eraman zuten.
Gehienak Zarauzko osasun zentrora eraman zituzten zauri arinak zituztelako. Zauri larriagoak zituen emakume bat Donostia Ospitalera eraman zuten, eta zenbait proba egin zizkioten arren, ez zuen bertan geratu behar izan.