GARA > Idatzia > Kirolak

SURF

Andy Irons Hawaiiko txapeldun handiaren azken olatua

Dallaseko hotel batean aurkitu dute hilda 32 urteko surflari hawaiiarra. Puerto Ricon jokatzen ari den munduko surf txapelketan gaixotu ostean, etxera itzultzeko asmoa zeukan hiru bider munduko txapelduna izandakoak. Jarraitzaile gehien zituen surflarietako bat joan zaigu.

Haritz LARRAÑAGA

Oso gazte zela hasi zen lehian Andy Irons. WQS zirkuituan hiru urte egin eta gero, 1998an hasi zuen Andyk bere ibilbide profesionala WCT zirkuituan. Ordutik puntako lehiakidea izan da: hiru bider, WCT zirkuituko txapeldun (2002, 2003 eta 2004); hogei aldiz, WCT txapelketetako garaile; eta lau bider, Triple Crown lehiaketa nagusiaren irabazle. Sekulako emaitzak dira bereak.

Bere anaia Bruce-ekin batera, 2009an urtebetez lehiaketa albo batera utzi ostean, gogotsu ekin zion aurtengo erronkari. Horren adibide da Tahitin lortu zuen garaipena. Hala ere, hurrengo urteko zirkuitua zuen jomugan: «Aurtengoan soilik puntuak batzeko hasi nintzen lehia. Datorren urtera begirako trantsizio urtea izango da», adierazi zuen etorkizuneko planen inguruan.

Andy Irons WCT zirkuituko 16. postuan zegoen Puerto Rico jokatzen ari den txapelketan parte hartzen ari zela. WCT zirkuitua osatzen duten hamar lehiaketetatik bederatzigarrena da hau, eta Andyk gustuko zuen. Izan ere, bi Rip Curl Search txapelketa irabaziak zituen aurrez; 2006an, Mexikon, eta 2007an, Txilen. 2008an, berriz, bere anaia Bruce izan zen Indonesian Rip Curl Search txapelketa irabazi zuena.

Puerto Ricon lehen aldia zuela esan zuen ostiralean elkarrizketa batean eta lehiatzeko irrikaz zegoela nabari zitzaion: «Rip Curl Search txapelketa paregabea da. Urtero leku desberdin batean ospatzen da eta, zentzu horretan, zortekoa naiz, olatu mota desberdinetara ohitzeko erraztasuna baitaukat; pare bat saio besterik ez ditut behar izaten lekuaren berezitasunez jabetzeko. Hori lehiatzeko orduan motibazio handia da».

Euskal Herrian 2002an jantzi zuen txapela, Mundakan. Urte garrantzitsua izan zen hura, gaindiezina zirudien Kelly Slater-i gauzak zail jartzeko norbait bazela frogatu baitzuen. Bi surflarien arteko lehiak zeresan handia eman zuen, lehiaketatik kanpo, haien arteko harremana desitxuratu baitzuen.

«Blue Orizon» pelikula famatuak bi surflarien arteko ezinikusia irudikatu zuen, egiaz gauzak bestelakoak izan arren, eta ondorioz Andyk oinarririk gabeko kritika asko jaso zuen. Komunikabideek berari buruz eraiki zuten profila guztiz bidegabea zen, baina itxuraz izaera guztiz kontrajarriak zituzten bi lehiakideon arteko gezurrezko gerrak mozkin handiak ematen zituen, zenbait marka eta komunikabideren mesedetan.

Berriki, Tahitiko txapelketan Kellyrekin izan zen finalerdietan eta txanda horretan zer sentitu zuen galdetu zion kazetari batek. Argi erantzun zuen berak: «Kelly? Mamu bat marrazten da bera aipatzean, baina, gainontzekoak bezala, gizakia da; bederatzi bider munduko txapelduna, bai, baina pertsona da eta lehiakide gisa akatsak egin ditzake, beste edonork bezala».

Andy Irons parrandazale gisa aurkeztu izan dute komunikabideek. Aipatutako kazetari berak egin zion galdera zitala, hots, Tahitiko garaipena nola ospatu zuen, baina bere erantzunak bat baino gehiago harritu zuen: «Bai, modu berezian ospatu nuen. Lehenik, txapelketa osteko zeremonian izan nintzen, eta gero Maoni sendi tahitiarrarekin ospatu nuen garaipena. Oso berezia izan zen, zeren, gainera, Papi Maomiren urtebetetze eguna zen».

Andy Ironsek birritan kritikatu zituen bera ezagutu gabe zenbait kazetarik idatzitako erreportajeak. Galtzaile txar eta harroxkoaren irudia zabaldu zuten, baina horrek ez zuen jarraitzaile gehien zituen surflarietako bat izatea ekidin. Bere irudia, edonola ere, salgarria zen eta bere txapelketetako emaitzak ere bikainak ziren.

Joan den asteburuan gaixo zegoela-eta Puerto Ricotik etxerako bidea hartzea erabaki zuen Andyk; horregatik ez zuen lehen txandan parte hartu. Hawaiiko Kauai irlara joateko geldialdia egin zuen Dallasen eta bertako hotel batean hartu zuen aterpe, hurrengo hegaldiaren zain. Han aurkitu zuten 32 urteko hawaiiarra hilda. Familiak Aedes aegypti eltxoak eragindako denge gaixotasunaren ondorioz hil dela baieztatu du. Gaitz hori bereziki eremu tropikaletan garatzen da eta sukar handia eragiten du.

Atzo lehiaketako hirugarren txanda egitekoak baziren ere, antolatzaileek dolu eguna ezarri zuten eta ez zen lehiaketarik izan. Andyren heriotzak hutsune handia utziko du goi mailako lehiaketan, batez ere, berea oraindik amaitu gabeko ibilbidea zelako.

Olas Épicas y gran espectáculo en el Punta Galea EVE Challenge

La quinta edición del Punta Galea EVE Challenge, campeonato que se lleva a cabo en olas de gran tamaño, se disputó en la jornada de ayer con unas condiciones memorables. Olas perfectas que rondaban los tres metros de altura permitieron a los participantes demostrar todo su nivel y toda su valentía. Pilou Ducalme se llevó el premio al mayor «wipe out» (caída), Indar Unanue se hizo con la mejor ola según los jueces, Jon Garai fue premiado como el surfista más completo y David Bustamante recibió el premio al mejor «take off» (acción de coger la ola). Las motos de la Cruz Roja tuvieron que trabajar a destajo y el propio Pilou tuvo un pequeño accidente con la quilla de su tabla, que le produjo una herida que necesitó siete puntos de sutura. Aritza Saratxaga se llevó otro de los sustos, al engancharse con un palangre de pesca y teniendo que salir a nado hasta la orilla. Como dato, al menos se partieron tres tablas durante la jornada. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo