GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Zentsorearen beldurra

Urriaren 15ean EITBko Bilboko egoitzan egin zen zentsuraren aurkako mahai-ingurua «Zentsura At! V. Censorship Festival»-en barruan. Hizlari batzuek zentsura pairatu dute zuzenean, eta beste batzuek zentsuraren ikerlariak dira edo berau salatu dute nazioarteko foroetan. Tartean zeuden Joan Mari Torrealdai ikerlaria, Mari Bone kantari samia, Hane Hansen kazetari eskandinaviarra, Amal Murkus kantari palestinarra, Todd Lester eta Ben Herson estatubatuarrak, Umida Ahmedova Uzbekistango argazkilaria, Roberto Torres irakasle madrildarra eta lerrook sinatzen dituena, Euskal PENen izenean. Ekitaldi interesgarria, nork bere ikuspuntua eta bere eskarmentua plazaratu zituen.

Egun batzuk geroago EITBk zentsura aplikatu zien etxeko bi kazetariri eta adierazi zien espedientea zabalduko zitzaiela. Maite Zurikaraik ez omen zuen onartu bere bideoan sartzea Juan Carlos Viloria politika arduradunak inposatu nahi zion testua. Eta Jasone Agirre behin-behineko erredakzio kontseiluko kideak albiste hau hedatu omen zuen lankideen artean.

Badirudi Zurikarairi esan berri diotela espedientearen ordez ahozko ohartarazpena egingo zaiola, eta berririk ez dago Agirreren espedienteaz, aurrera doalako seinale.

Galdera da, etxetik urrun egiten den zentsura bakarrik salatu behar al da? Ez al deritzote zentsura enpresaren ikuspuntua inposatzeari? Hainbestekoa ote dute segurtasun eza, eta horregatik ez dira iritzi ezberdinak izatea onartzeko gai? Zeri diote beldurra? Errealitatea beste ikuspuntu batetik ikusteari?

Beldurra, zentsuratzailea izateari eduki beharko liokete, ez pentsamendu libreari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo