GARA > Idatzia > Kultura

Bertsulari xapelketako finala besta giroan ospatuko dute

Azaroaren 13an jokatuko dute Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketako finala. Irailetik abian den lehiaketaren azken buruko saioa besta giroan ospatu nahi dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.
p042_f02_148x96.jpg

Ainize BUTRON | DONIBANE LOHIZUNE

Irailaren 13an Muskildiko kanporaketan abiatu zen Xi-La-Ba Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketa, eta urriaren 23an izan du, Gabadin, azken pausalekua. Ondoko azaroaren 13an bukatuko du ibilbidea, Donibane Lohizunen, hor izanen baita finala. Sustrai Colina, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Xumai Murua, Ekhi Erramundegi, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta eta Joanes Etxebarria lehiatuko dira bertan.

Joana Itzainak, Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak, txapelketan egindako lanaren balantzea egin nahi izan zuen, eta, orokorrean «bilana baikorra» dela nabarmendu zuen. «800 ikusle bildu dira kanporaketetan, eta, gazte asko ikusi da publikoan. Horiekin, betiko bertsozale guztiak baziren ere. Nahaste hori aberastasun bat da», esan zuen.

Era berean, xilaba.net webguneak bertsozale anitzen arreta piztu duela nabarmendu zuen. 100.000 bisita jaso ditu atariak eta 13.000 lagun inguruk ikusi dituzte bideoak.

Hogeita hamar urte

Azaroaren 13ko finalari dagokionez, «besta giroan» iragatea nahi dutela azaldu zuen. Eta, horretarako, txapelketa hasi aurretik, oholtza gainean, lehiaketaren doinua egin duen Xutik taldea izanen da. Horrez gain, Bertsularien Lagunak elkarteak aurten hogeita hamar urte betetzen dituenez, ospakizun horri garrantzia eman nahi izan diote ekitaldian.

Horrenbestez, Michel Itzaina euskaltzale eta elkartearen sortzaileetarikoa arduratuko da lehiaketaren irabazleari txapela eskaintzeaz. Finala, izan ere, arratsaldeko bostetan hasiko da Donibane Lohizuneko Jai Alain. Mila eta bostehun pertsonentzako lekua dago bertan, eta Itzainak atzo jakinarazi zuenez, jadanik bostehun lagunek eskuratu dute sarrera.

Atzoko agerraldian, txapelketan parte hartuko duten zortzi finalistak bildu zituen elkarteak. Ekitaldiari buruz zer iritzi duen azaldu zuen bakoitzak. Miren Artetxek hitz egin zuen aurrena, esanez, arratsalde hori «polita eta gozoa» izatea nahi dutela, hau da, bertsolaritzak «hartu duen indarraren adierazle». Orokorrean, guztiek nabarmendu zuten txapelketako finala «euskaltzaleendako eta bertsolariendako besta handia» dela.

Horrez gain, Amets Arzallusek ohartarazi zuen ez dugula ahantzi behar euskara «kinka larrian» dela hiru lurraldeetan. «Euskaldun gisa harro agertzeko eguna izanik ere, finala aldarrikapen eguna ere bada», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo