Iñaki Odriozola
Askatasuna datorrela!
Ez naiz erretzailea. Orain hogeita hamar urte utzi nion(...)
Egia da gure kontratu sozialak -jaiotzen garenean ezer jakin gabe, eta abokatu gabe sinatzen dugun kontratu ikusezin horrek-, estatuaren babesa aitortzen digula, baina, ustezko babes hori, hartzen ari den itxura hertsiagatik edo, gero eta jasangaitzagoa egiten zait.
Ilustrazioaren ondorio, boterean jarraitu ahal izateko, estatuaren jarduera zuritzeari ekin ziotenak -ikusiaz boterea jainkoarengatik zetorrela esateak barrea ere ez zuela jada eragiten-, legearen onarpena aukeratu zuten ordezkari gisa.
Hortik aurrera, zuzenbidea jainkotiar bihurtu zuten, eta legeari buruzko mirespena hain da handia, ezen eremu guzti-guztiak legearen menpe jarri nahi dituztela. Hemen dena erregulatu egin behar da (merkatu ekonomia izan ezik, jakina), dena legearen menpe jarri, legeak neutroak, berezkoak edo denon artean egindakoak bailiran.
Eta dagoeneko, pozoia den tabakoa -harritzekoa!- saltzen uzten duten arren, ezin dugu erre, lehengoaz gain, ez parkeetan, ez eremu itxietan, ez umeen aurrean.
Baina erregularizazio zaletasun horrek ez du akaburik (ez dut gizartearekiko kontrol politiko eta sozialik aipatuko oraingoan). Bakar bakarrik norberaren eremuan, jada ezin dugu kolesterol pixka bat ere eduki, ez eta transaminasetan asteriskorik (...).
Ezin dugu kalean, espaloitik ez bada, ibili, ez eta aparkalekutik kanpo, oztoporik eragiten ez badugu ere, kotxerik utzi (...).
Hau al da askatasuna?
Ez deritzozue Aita Estatua gutaz gehiegi arduratzen dela... batzuetan?