GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Lorea Agirre 2010/11/5

Barrez lehertu beharrean

Kaletik entzun zitezkeen polizia etxeko sotoetatik zetozen atxilotuen barre algarak, galdekatuei aplikatzen zitzaizkien kilimak; atxilotuak barrez husten ziren, malkoei ezin eutsi, barrearen barrez pixa gainean egiten zuten, asko barrez lehertzen ziren, eta are, baita beste batzuk barrez hiltzen ere (...).

Izan ere, tortura festa bat zen frankismo garaian. Horrela dio Isaac Rosa idazleak El vano ayer eleberrian. Eta zera galdetzen du, ondotik: nola kontatu tortura eleberri batean (...)

Torturatuen testigantzak egunkari gutxi batzuetan. Agurtzane Juanenak kontatzeko zuena liburu batean jasoa. Juanenak kontatzeko zuena tortura historia bat gehiago da. Beste bat.

Gero Portu eta Sarasola izeneko bi agertu dira egunkariko argazki batean, Donostiako epaitegian sartzen dituztela guardia zibilek. Eskuburdinak jarrita dauzkate. Azal delikatua dute nonbait, Adidas markako eskumuturrekoak jantzi baitizkiete burdinen azpitik. Bestela, igual, urraturen bat egin eta tratu txarra jaso dutela salatuko dute.

Ez da, ez dakigula, egia esan. «Ezin da frogatu» baina jakin badakigu oso ondo, guztiok, torturak badaudena. Horrela idatzi du Joxe Azurmendik Juanenaren liburuaren aitzakian. Eta zera galdetzen du, ondotik: nola bizi da torturatua bere torturarekin? Hasteko, torturatuarentzat tortura ez da iragana bilakatzen, presente dago beti. Tortura ez da trafiko arau-urratze bat. Gizartearen ukazioa da. Piztien basagizartea da, legeak babestua. Alabaina, jakinda bizitzen ikasi dugu. Jakinda ez jakiten. Torturarik ez balego bezala bizi da bakoitza bere zereginetan. Horra Azurmendiren erantzuna. Izan ere, katu jendea gara: gehiago isiltzen dugu esaten duguna baino, Eider Rodriguezek ederki ohartarazi digunez. Jaurlaritzak ezin du ezer egin?, galdetzen du beste batean pentsalariak.

Euskadi saria eman berri dio Eusko Jaurlaritzak Azurmendiri. Pentsalari eta idazle oparoa, sakona, zorrotza eta kritikoa da, funtsezko pentsalaria gurean. Tortura izan du bere kezka gaietako bat, eta baita herrigintza eta euskaldungintza ere (...) gogor kritikatu ditu nazionalismo espainiarra, demokrazia eszenografikoak eta horien ajeak. Saritu dute, baina ez noski gai horietaz guztiez ezinbesteko ekarria egin duelako, baizik eta idatzi duen liburu eder baina apolitiko, pribatu eta erosoenagatik. Zer beste egin zezakeen Jaurlaritzak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo