GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Sareak eta hitzarmenak

Usorik ez da inongo zerutan. Aske zeuden guztiak daude orain kaiolan, han-hemengo gatazkak konpontzeko bake-prozesuen zain. Bizirik ez daudenak bakearen izenean akatu zituzten. Behean beude!, esan beharko kasu honetan, goian beude! ohikoaren ordez. Usorik ezean hauxe da esaera zaharraren egokiera berritua: petrolioa joan, sareak heda, horixe gertatu izan baita sarri itsasoko istripuetan. Orain, ostera, eta itxura batean beti ere, sareak heda, petrolioa etorri esan liteke, gure kostan lehengoan hondartu zen arrantza-ontzia gogoan; sareak hedatuta zituen hondarra jo zuenean, nonbait, eta ondoren petrolioaren etorria. Ez dakit hedatuak zituen ala ez baina, edozelan ere, ez dira egunotan euskal kostan hedatutako sare bakarrak. Horra atzo Gipuzkoako hiriburuan independentistek bota zituzten sareak, bota eta heda ere. Sareak heda, independentistak bildu, tamaina guztietakoak bildu ere, honetan behintzat tamainak ez baitio ezelango kalterik egiten biodibertsitateari. Helburua, independentisten biomasak stock inportante eta iraunkorra izatea. ETBko zerbitzu deformatiboetatik horretaz zerbait entzungo ote? Audientzia gero eta txikiago dute, gero eta gutxiago entzuten duten seinale edo.

Tira, harira! Mundua aztoratuta dabil azken honetan, itsasoan legez lurrean ere. Eta airean, jakina, badirudi hegazkinen gripea bueltatua dela. Tira ba, lehengoan paketetxo bat jaso nuen etxean korreoz, nondik eta Greziatik. Eta zera pentsatu nuen, nire osaba misiolariak jogurt bat bidali ote dit nire egunerako? Ez, ezin, ez zait misiolaririk geratzen familian, ez Grezian eta ez Estatu Batuetan ere eta, gainera, aspaldian joana da nire eguna. Horra, fardeltxoa zabaldu ez eta polizia-etxera eramatea bururatu zitzaidan, baina hori ere ez nuen egin; kapaz dira han paketeak zabaltzeko etorkinak kontratatzeko, orduka kontratatu beti ere. Total, azkenean beste helbide bat jarri eta korreora bota nuen.

Aztoratu mundua, bai. Frantziarrek eta britainiarrek egundoko akordio militarra sinatu dute. North Atlantic horretako stocketan euren segurtasuna bermatzeko akordioa, seguruenik. Ulertzekoa da, orain arteko NATO Ozeano Barea eta Indiakoa zaintzen dagoenez... eta Asiako herrialdeek Ipar Atlantikoko segurtasunean interes argia erakutsi ez dutenez... ulertzekoa da Calais lur-artearen alde bikoen arteko akordio horrena, hitzak nahiko ez direnetan armak erabiltzeko hitzarmena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo