GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Misterioa argitu

Guardia zibilek, batzuetan mozkor- mozkor eginda, jendearen kontra gauza oso itsusiak esaten zituzten, eta, noiz edo noiz, mostradorearen gainean pistola uzten zuten jakiteko nork agintzen zuen

Umetan, eskola eta kuartela elkarren ondoan baldin bazeuden ere, kuartela oso leku misteriotsua zen guretzat, oso leku ezezaguna. Bertakoak oso gutxitan ikusten genituen, eta horrek aukera ematen zigun gotorleku itxurako etxetzar hartakoen bizimodua nolakoa zen irudikatzeko.

Batzuetan, futbolean egitean, aukera ona izaten genuen bertatik bertara kuartela ikusteko, detaile txikiei erreparatzeko: zelaiaren ondoko aldapak kuartelaren atzeko hormarekin bat egiten baitzuen, eta baloia alboko lerrotik kanpora aldapan behera balin-balan joaten zenean, txakurra garitan baino bakartiago zegoen berdez jantzitako txapelokerra ikusteko abagune baikenuen.

Beste batzuetan, eskolako atsedenaldian, okina ikusten genuen plastikozko poltsetan ogia zuela, edota Pitusa banatzailea, freskagarriak eta ardo botilak zeramatzala. Ez dakit beldurra ez ote zen izango, baina horiek ere kuartelean ez ziren sartzen; furgonetaren bozinari eragiten zioten barrukoak irtenarazteko.

Kuartelaren gainean informazio handiagoa nahi izaten genuenean, gure klaseko Tomasi galdetzen genion, bera kuarteletik oso hurbil bizi baitzen. Tomasen ustez, guardia zibilak ikusteko egunik onena Pilarika eguna izaten zen. Egun hartan kuarteleko sarrera nagusiko hagari piper-potoa eusten zioten, eta «Gora España!» esaten zuten. Gero, oso pozik egoten zirenez, txapliguak botatzen zituzten, eta, inoiz ez bezala, oinetakoak oso garbi izaten zituzten. Eskolako batzuok ez genekien zer zen piper-potoa, eta, badaezpada, galdetu egin genion. «Ez dakizue zer den?», esan zigun harrotuta. Zirudienez, Tomasen aitona gudaria izan zen, eta gurasoek sarri askotan politikaz hitz egiten zuten etxean. Horregatik zekien guk baino gehiago. Beste behin, kataloxak erabili zituen kuartelekoen berri hobeto ezagutzeko, baina aitonak errieta egin zion. «Franco bizirik dago oraindik, eta kontuz ibili behar duzu kartzelan bukatu nahi ez baduzu». Amamak, behin eta berriro, horrelakorik ez esateko esaten zion aitonari, baina honek ez zion kasurik egiten, eguneroko bizitza politika zen-eta.

Beste batean, gure jakin-mina ase aldera, Lengoaia irakasleari galdetu genion, ea zer esan nahi zuen «Todo por la patria» leloak. Oso hunkituta ikusi genuen egun hartan sekulako sudurpekoa zuen Francisco. Beste batean, galdetu genion ea nor zen ziztu bizian auto handi batean ikusi genuen bi izarreko txapelokerra. Horrelako batekin topo eginez gero, esan zigun gainontzeko guardia zibilak «zure esanetara» esatera behartuta zeudela, eta, gainera, eskumako eskua gora egin behar zutela, eta hiruadarrekoaren hegalean segundo batzuk, gutxienez, pega-pega eginda izan behar zutela.

Eta horrela, geu ere, gainontzeko guztiak bezalaxe, nagusitzen joan ginen, eta gero eta hobeto ulertzen genuen argitu gabeko misterioarena. Eta orduantxe hasi ginen argi indarretako kableetan pausatutako ikurrin lotsatua ikusten, eta geurea zela bereizten. Eta orduantxe hasi ginen gogora ekartzen umetan kuartelaren inguruan irudikatutakoak bestelako dimentsioa zuela. Sasoi hartan hasi ginen ikusten guardia zibilek, kaleko arropa jantzita, batzuetan mozkor-mozkor eginda, jendearen kontra gauza oso itsusiak esaten zituztela, eta, noiz edo noiz, mostradorearen gainean pistola uzten zutela jakiteko nork agintzen zuen. Eta orduantxe jabetu ginen herrian egindako manifestazioetan egurra ematera nortzuk etortzen ziren. Gure herria manifestazioak egiteko oso leku txarra zen, kaleak oso estuak ziren, eta txapelokerrek bazekiten hori, oso ondo. Kaleko sarrerak ixteko Land Roberrak erabiltzen zituzten. Jendea larritu egiten zen eta herrikoen etxeetan sartzen ahaleginak egiten zituen. Halarik ere, askotan txapelokerrak atzetik sartzen ziren, eta, orduan, aukera oso txikia zegoen izuari bizkarra emateko.

Gogoan dut, oso ondo gainera, emakumezko batek nola egin zuen salto bigarren solairuko leihotik; eta nola topatu zuten etxekoek gizon bat armairu baten barruan. Eta beste batzuk nola eraman zituzten kuartelera. Orduantxe hasi ginen jabetzen atxilotuen garrasiak, orain bezala, izen berbera zuela. Orduantxe hasi ginen jabetzen zergatik herriko jendeak ez zituen orduko txapelokerrak -Goragora, Bil el Niño, El Botas...- maite, eta zergatik oraingo jendeak ez dituen oraingoak maite.

Lehen bezala, gaurko atxilotutakoen garrasiek izen eta abizen berberak dituztelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo