Hamabi tona gasolio isuri eta gero, «Motxo» flotarazi ezinik
Zumaia eta Deba artean hondoa jo zuen Bermeoko arrantza-ontzia ezingo dutela flotarazi jakinarazi zuten atzo Itsas Salbamenduko teknikariek. Bitartean, zonalde babestuan ez atzera ez aurrera gelditu den «Motxo» ontziak erregaia isurtzen segitzen du; dagoeneko hamabi tona gasolio isuri ditu. Bihar erabakiko dute zer egin ontziarekin.
GARA | DONOSTIA
Itsas Salbamenduak ohar batean atzo jakinarazi zuenez, «Motxo» ontziaren upategiak urez beteta daude eta horrek alboratutako itsasontzia flotaraztea ezinezkoa bilakatzen du. Ostegun goizaldean Deba eta Zumaia artean hondoa jo zuen arrantza-ontziak dagoeneko 12 tona gasolio isuri ditu uretara. Hala ere, Itsas Salbamenduak «inolako kutsadura arrastorik» antzematen ez dela nabarmendu zuen.
Atzo, goizeko lehen orduan, ostiral arratsaldean ikusitako kutsadura arrastoen garbiketa lanak hasi zituzten. Hala ere, oraingoz arrasto berri «esanguratsurik» ez dutela ikusi azpimarratu zuten teknikariek. Goizean zehar, ontziko sarea erretiratu zuten teknikariek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurugiro Sailaren laguntzarekin, «nabigazioan arazoak ez sortzeko».
Brankaren hondoan 12 tona gasolio gordetzen zituzten biltegiak hutsik aurkitu zituztenez, bertan zegoen erregaia isuri egin dela ondorioztatu dute. Herenegun, badaezpada, Deba eta Zumaia arteko biotopoa babeste aldera, hesiak jarri zituzten balizko gasolio isuria zabal ez zedin. Hala ere, gasolioaren biodegradazio prozesuaren ezaugarriek kutsadura antzematea zaildu egiten dutela azaldu zuten, izan ere, gasolioa hidrokarburo arina da. Dena den, Itsas Salbamenduak lanean jarritako taldeak bertan jarraituko duela argitu zuten, «egoera kontrolpean izateko».
«Motxo» ontziaren upategiak urez beteta daude uneotan eta ontzia guztiz alboratuta dago. Armadoreak kontratatutako teknikarien eta Itsas Salbamenduaren arabera, horrek ontzia flotaraztea ezinezkoa egiten du. Aditzera eman dutenez, Gipuzkoako Kosta Zerbitzuan bilera egingo dute bihar armadoreak eta aseguru-etxeak ontziarekin zer egin erabakitzeko.
Erreskate lanak nabarmen zaildu dira egun batetik bestera. Hondoa jo zuen egunean bertan, ostegunean, «Maria de Maeztu» atoiontzia, «Slavamar Orion» esku-hartze azkarreko ontzia, Pasaiako Facal konpainiako atoiontzi bat eta Helimer helikoptero bat arrantza-ontzia flotarazten saiatu ziren, baina huts egin zuten. Ostiralean, berriz, haitz artetik ontzia ateratzen saiatzen ari zirela, Bermeoko ontzia irauli egin zitzaien.
Ikerketa eskatu dute
Egoera ikusita, Udalarrantz Euskadiko Arrantza Udalerrien Sareak «Motxo» ontziak izandako ezbeharraren nondik norakoak «era sakonean» aztertzeko eskatu du. Ostean, «ikerketak zehaztuko dituen probekin» bakoitzari dagozkion erantzukizunak bideratzea ere eskatu du. Aldi berean, egiten diren adierazpen publikoetan «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu du, «fundamenturik gabeko espekulazioak» ekiditeko asmoarekin.
Udalarrantz pozik agertu da marinel denak onik atera direlako. «Motxo» babestutako zonalde batean sareak botata zituela harrapatuta geratu izanak eragin dituen zurrumurruen aurrean, Udalarrantzak euskal arrantzaren sektorea «guztiz profesionala» dela azpimarratu nahi izan du. Arrantza kolektiboak «errespetu osoz» segitzen ditu arrantza ustiapeneko arauak elkartearen ustez, are gehiago ingurugiroa babesteko irizpideak tartean direnean.
Ostiralean, kutsadura garbitzeko lanei ekin zieten erregai isurketari aurre egiteko asmoz. Atzo jakinarazi zutenez, oraingoz ez dute arrasto berri «esanguratsurik» antzeman.