Kronika | Ikasle eguna 2010
«Lozorrotik ateratzeko unea» dela aldarrikatu dute ikasleek
Euskal ikasleriaren eskubideen defentsan, administrazio ezberdinen «inposaketei» aurre egiteko deia zabaldu zuten atzo Amurrion ehunka ikaslek. Finean, bizitzen ari garen unea «lozorrotik atera eta borrokatzeko unea delako». Ikasle Egunari goizean eman zioten hasiera ekimen ugarirekin, baina jaia eta aldarrikapena goizeko ordu txikiak arte luzatu ziren.
Zuriñe ETXEBERRIA
Aldarrikapena eta festa izan ziren nagusi atzo Amurrion ospatutako Ikasle Egunean. Motxila eta koadernorik gabeko ikasleek herriko kaleak hartu eta ozen oihukatu zituzten beren aldarriak manifestazio nazional jendetsuan. Pertsona kritikoak sortuko dituen hezkuntza sistemaren beharra ozen aldarrikatu zuten. «Euskalduna hizkuntzaz eta edukiz; hezkidetzan oinarrituko dena eta nazionala. Hau da, hezkuntza sistema nazionala». Ikasleen eskubideen defentsan, administrazio ezberdinen «inposaketei» aurre egiteko deia egin zuten. Finean, bizi dugun unea, «lozorrotik atera eta borrokatzeko unea delako», baieztatu zuten.
Eguraldia lagun zutela eman zioten hasiera aurtengo Ikasle Egunari Amurrioko Juan Urrutia parkean, 10.30ak aldera. Hezkuntza sistema nazionalaren aldeko gune horretan, giro bikaina nagusitu zen goiz osoan zehar, batez ere ikasle olinpiaden finala jokatu zenean. Iruñea, Arrasate, Leioa, Bilbo eta Gasteizko unibertsitate campusetako gazteak jarraitzaile eta guzti aritu ziren norgehiagokan.
Piramideak osatzea, aulki joko kooperatiboa, arropa kateak egitea edota arrautzak jaurtitzea izan ziren probetako batzuk. Arkatzez mozorroturiko bi aurkezle izan ziren jolasen gidari. Aiaraldeko taldea nagusitu zen, eta, gidarien arabera, Mondragon Unibertsitateko taldea izan zen tranpatiena; sari berezia, aldiz, berandu heldu zen Nafarroako taldeari eman zioten.
Aldi berean, haurrentzako txokoan Porrotxek euskal umeei koloretako mundu bat osatzen irakatsi zien, eta marrubizko muxuak ere banatu zituen. Emanaldian, gazteen kontrako azken sarekadaren ondorioz kartzelaratutako Ikoitz Arrese Ikasle Abertzaleak taldeko bozeramailea ekarri zuten gogora, eta marrubizko muxuak bidali zizkioten. Kirikiño taldeak antolatutako tailerrek ere arrakasta handia izan zuten eta herri mugimendu ezberdinen standek ere beren lekua izan zuten herrigunean.
Paella eta solomoa jan zituzten atzoko herri bazkarira bertaratutako gehienek, nahiz eta begetarianoentzako menu berezia ere izan zuten aukeran. Olinpiadetako giroari eutsiz, hamaika irribarre lapurtu zituzten bazkalostean Jokin Labaien eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek.
Guardia Zibilaren trabak
Ikasleek egindako manifestaldia aurreikusitakoa baino geroago hasi zen Guardia Zibilak jarritako traben ondorioz; azaldu zutenez, poliziek Amurrioko irteera guztiak «setiatu» zituzten. Hala ere, ezin izan zuten euskal ikasleriaren borroka nahia gelditu. Manifestazioa Refor zonalderaino iritsi eta bertan ezarritako karpa erraldoian ekitaldia egin zuen Ikasle Abertzaleak taldeak.
Ekitaldiaren hasieran, ikasleriaren kontrako errepresioa islatu zuten antzerki, dantza, irudi eta irakurketen bidez. Isabel Celaak eta Alberto Catalanek bultzatzen duten hezkuntza sistema salatu eta beste eredu baten beharra eta nahia ere aldarrikatu zituzten.
Ondoren, Doctor Deseo, Habeas Corpus, La Pulqueria, Gose eta Ze Esatek! taldeek musika emanaldiari ekin zioten. Kontzertua 21.30ean hasi bazen ere, jaia eta aldarrikapena goizaldera bitartean luzatu ziren.