Londreseko protesta herriarena, ez «biolentoena»
Londreseko kaleak egundoko manifestazioaren lekuko izan ziren. Baina komunikabide askok toryen egoitza nagusiari ehunka batzuek eginiko erasoa hartu zuten hizpide. Eta auziaren mamia, Gobernu britainiarrak matrikulazioaren tasak hirukoizteko eta goi irakaskuntzari diru laguntzak murrizteko hartutako erabakia, ordena publikoaren eremura eraman nahi izan zuten. Poliziak konpondu beharreko arazo batera alegia. Baina oker dabiltza. David Cameron gobernuburuak eta bere ekonomia ministroak, George Osbornek, ez lukete protestaren hedadura eta esangura gutxietsi beharko. Ikasleen protestek murrizketa ekonomikoak jasango dituzten beste gizarte sektoreak adoretu ditzakete, publikoaren babes zabala eta politikaren korronte nagusian eragiteko ahalmena baitute. Protestok buru azkarrez kudeatzen badira, are babes zabalagoa berenganatzeko potentziala dute, eta horren jakitun dira «probokatzaile biolentoen» eremuan kokatzen saiatzen ari direnak.
Britainia Handiko iritzi publikoak Estatuak duen zorpetzea uler dezake, eta neurriak behar direla ere bai. Baina hori azkarregi, sakonegi eta, batez ere, soilik herri langileriaren bizkar egiten bada, haserrea areagotuko da. Herritarren artean tentsioa indartzen ari da eta oraindik ez da alde batera ala bestera bideratu. Herriaren onespenaren eta ongi argudiaturiko kausa baten jabe den protesta balantza alde batera egiteko erabakigarria da.