GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen aurkako epaia eta debekuak salatuko dituzte bihar Donostian

Auzitegi Nazional espainolak gazte independentista donostiarrei ezarritako zigorra salatzeko manifestaziora deitu dute hamaika eragilek biharko. Zigorra arbuiatzeaz gainera, joan den astean xede bera zuen hitzorduaren debekua eta ondorengo zitazio judiziala salatuko dituzte.

Oihana LLORENTE | DONOSTIA

Eragile andanak, atzo, Donostian eskainitako agerraldian, gogor deitoratu zuten Auzitegi Nazional espainolak joan den larunbatean epaiketa politikoak salatzeko Donostian egitekoa zen manifestaldia debekatu izana; baita protestaren deitzaile eta era berean auzipetua den gaztea pasa den astelehenean auzitegi berezira deklaratzera bertaratu behar izana ere.

ELA, LAB, STEE-EILAS, Aralar, Alternatiba, EA, Gazte Abertzaleak, Iratzarri, Lokarri, Askapena eta Bilgune Feministak egin dute bat salaketa honekin, eta debekuak eta ondorengo zitazioak Euskal Herrian ireki den aro politikoari «ekarpen positiborik» ez diotela egiten adierazi zuten eskainitako agerraldian.

Debekuari erantzuteko eta bereziki, Auzitegi Nazional espainolak hamabost gazte independentista donostiarrei ezarritako zigorra arbuiatzeko beste manifestaldi bat antolatu dute biharko, «Eskubide zibil eta politikoen alde! Gazteria aurrera!» lelopean. Bihar arratsaldean, 17.30ean abiatuko da martxa Donostiako Udaletik eta herritarrei bertaratzeko gonbita egin zieten aipatutako eragileek.

Eskubide urraketak, berriro

Euskal Herria aro politiko berri batean sartzen ari dela nabarmendu zuten prentsaurrekoan; «bizi dugun gatazka politikoa elkarrizketa eta akordioaren bidez konpontzeko aroa, konfrontazioa soilik bide politiko, baketsu eta demokratikoen bidez gauzatzeko aroa», gehitu zuen Iratzarriko kide Laida Elizegik.

Agertoki berri horrek denen konpromiso eta ekarpenak behar-beharrezkoak dituela adierazi zuten, eta horregatik gaitzetsi zuten larunbatean egitekoa zen manifestaldia debekatu izana. Debeku horrek, beste behin ere, «euskal gizarteak aldarrikatzen duen eskubide kolektibo, indibidual eta nazionalen urraketa» adierazten duela salatu zuten.

Herritar ororen eskubideak errespetatuko dituen agertoki baten aldeko hautua egin zuten agerraldian, eta horren defentsan antolatu dute bihar Donostia zeharkatuko duen manifestazioa.

Donostiako gazteen aurkako polizia operazioa 2007ko urriaren 30ean hasi zen eta 26 gazte atxilotu zituzten polizia espainolek. Horietako hamazazpiri aurtengo udan egin diete epaiketa Auzitegi Nazional espainolean, eta Segiko kide izatea egotzita, «talde terroristako kide» direla argudiatu, eta sei urteko kartzela zigorra ezarri diete hamabost gazte donostiarrei. Joan den larunbaterako antolatuta zegoen manifestazioaren helburua, hain zuzen ere, epai hori salatzea zen.

Eragileak

ELA, LAB, STEE-EILAS, Aralar, Alternatiba, EA, Gazte Abertzaleak, Iratzarri, Lokarri, Askapena eta Bilgune Feminista dira biharko manifestazioaren deitzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo