Israelen gehiegikeriak gaitzesteko eskatu die Mahmud Abbasek AEBei
Aginte Palestinarrak Estatu propioaren afera NBEko Segurtasun Kontseilura eramateko duen asmoak eragindako kritikak direla-eta, Israelek hartzen dituen erabakien aurrean Ameriketako Estatu Batuek ez dutela gaitzespenik plazaratzen erantzun dio Abbasek Washingtoni.
GARA |
Israelek kolonizazio sionista mantentzeko dituen asmoen aurrean AEBek ez dutela indar nahikorekin protestatu nabarmendu zuen Aginte Palestinarreko presidente Mahmud Abbasek, eta Estatu sionistak kritika horiei aurre egiteko oztoporik ez duela gaineratu zuen.
«Segurtasun Kontseilura joateko asmoa dugu, baina hori alde bakarreko ekintzatzat jotzen dute. Baina haiek [israeldarrek] alde bakarreko ekintzak burutzen dituztenean, harresia, erasoak, hilketak edo olibondoen mozketak eta gisakoak, hori ez dute alde bakarrekotzat jotzen», adierazi zuen Abbasek atzo, Iasser Arafat buruzagi palestinar historikoaren heriotzaren urteurrena dela-eta, Ramalan eman zuen hitzaldian.
«Aldeen arteko elkarrizketa gatazkaren inguruko aferak konpontzeko bide bakarra da. Guk ez dugu edozeinen alde bakarreko erabakirik sostengatzen», adierazi zuen asteazkenean AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek, Aginte Palestinarrak Nazio Batuetan egindako eskaerari buruz galdetu ziotenean.
Izan ere, palestinarrek Nazio Batuetan duten ordezkariari Segurtasun Batzarrak premiazko bilera dei dezala eskatzeko agindu zion Mahmud Abbasek, Israelek Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen kolonia sionistak zabaltzeko asmoak aztertze aldera, Aginte Palestinarreko eledun Nabil Abu Rudeinak asteazkenean jakinarazi zuenez.
Era berean, AEBak eta Europar Batasuna hitzetatik harantzago joatea behar-beharrezkoa dela nabarmendu zuen Abbasek, bi eragile hauek palestinarren aldeko joera aldaketa izan dutela txalotu bazuen ere.
«Mundua aldatzen hasi da. Europa aldatzen hasi da eta AEBak aldatzen hasi dira», esan zuen Abbasek. Aginte Palestinarraren jasangarritasun ekonomikoa Washingtonen eta Bruselaren menpe dago. «Egia da oraindik hitz potoloen garaian gaudela, `bi estatuen irtenbidea babeste dugu' edo `Estatu palestinar bat osatzea ezinbestekoa da AEBen segurtasuna bermatzeko' eta gisakoak», gaineratu zuen.
Aginte Palestinarrak irailean Israelekin hasi zituen elkarrizketak blokeatuta daude Estatu sionistak kolonietan etxebizitza berriak eraikiko dituela iragarri zuenetik. Aginte Palestinarrak Estatu berria eraiki nahi duen lurraldeetan judu kolonien hedapena eteten ez den bitartean elkarrizketak berriro ez direla hasiko argitu zuen Abbasek.
Horiek horrela, nahiz eta elkarrizketekin segitzekoa asmoa duela nabarmendu, beste behin porrot egiten badu, Aginte Palestinarrak azken bi hamarkadetan garatu den «bake prozesua» delako egitasmoa alde batera uzteko asmoa duela esan zuen Abbasek. Beste bide bat jorratuko lukete, hau da, Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura jotzea, Estatu palestinarraren nazioarteko errekonozimendua lortzeko. AEBek, ordea, erabaki hau alde bakarreko ekintzatzat jo dute, Israelek bezala.
«Hori dugu buruan, ez gara oraindik horretan hasi, baina alde bakarreko pausoa dela diote», gaineratu zuen Abbasek. «Israeldarrek egunero ematen dituzte alde bakarreko pausoak», ekarri zuen gogora, kolonien handitzeak aipatuz.
Halere, AEBetako presidente Barack Obama elkarrizketek aurrera egin dezaten saiatzen ari dela esan zuen Abbasek. «Itxaropentsu gara oraindik eta aukera bat dago», aldarrikatu zuen, gogoan zuela Obamak irailean Nazio Batuetan nazioarteko eragile honetako kide izango zen Estatu palestinarra osatuko zela esan zuela. «Espero dugu hitz hutsean ez geratzea».
Hillary Clinton, responsable de la diplomacia de EEUU, recibió ayer en Nueva York al primer ministro israelí, Benjamin Netanyahu, más inflexible que nunca sobre la cuestión de la congelación de la ampliación de las colonias sionistas tras la derrota sufrida por Barack Obama en las elecciones legislativas de medio mandato.
En este sentido, Israel acaba de anunciar que construirá 1.300 viviendas para judíos en barrios palestinos de Jerusalén con el pretendido argumento de que la moratoria de construcción únicamente afecta a las colonias situadas en Cisjordania, pero no a las jerosolimitanas. GARA
AEBetako Armadak Israelen gordetzen dituen armen kopurua handituko du 2012 arte, egun 400 milioi dolarreko balioa duena 800 milioira handituz. AEBek lagun dituzten herrialdeetan armak gordetzen dituzte, Israelen, Hego Korean edo Persiako Golkoko erresumetan, esaterako.