GARA > Idatzia > Ekonomia

Tiebasen hildako langilearen istripua gogor gaitzetsi dute LABek eta ELAk

A.Z. |

Sergio Iribarren 33 urteko burlatarra hil zen pasa den asteazkenean Nafarroako Tiebas-Muru Artederreta herrian Cetya taldearen jabetzakoa den harrobi batean lanean ari zela, makina batean harrapatuta gelditu ostean. LAB eta ELA sindikatuek gogor salatu zuten atzo Iribarrenen heriotza eta aurten Nafarroan lan istripuz dagoeneko hamaika langile hil direla gaitzetsi zuten, (LABen arabera, 68 Euskal Herrian). Cetya taldearen Alaiz izeneko harrobietan pasa den apirilean 32 urteko beste langile bat hil zela gogorarazi zuen LABek eta 2009. urtean ere 25 urteko gazte bat larriki zauritu zela harrobiotan.

Cetya taldeak asteazkenean bertan segurtasun neurriak betetzen dituztela eta ezbeharra «zorigaiztoko istripua» izan dela esan zuen. LABek, ordea, ez duela «ustekabeko istripuetan» sinisten adierazi zuen eta neurri guztiak hartuta ez dela posible urtebetean bi hildako egotea. Zentzu berean, ELAk «benetako segurtasun neurrien gabezia» salatu zuen.

Heriotza hauen erantzule enpresa bakarrik ez, langileen segurtasuna zaintzeko ardura duten erakunde publikoak ere badirela baieztatu zuen LABek eta askotan langileen segurtasunaren ordez «irabazi ekonomikoak» lehenesten direla kritikatu zuen ELAk. Bi sindikatuek administrazio publikoei laneko segurtasunaz arduratu daitezen exijitu zieten.

Bestalde, heriotza salatzeko CGT eta ATTU sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean eta hazkunde ekonomikoaren «alde» egun bultzatzen den eredu «jasangaitzaren» bideragarritasuna «behingoz» zalantzan jarri behar dela aldarrikatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo