GARA > Idatzia > Kirolak

MOTOZIKLISMOA Munduko Txapelketa

Efrenek Marc Marquezen lekua hartuko du Ajo taldean

Efren Vazquez bilbotarrak Marc Marquez munduko txapeldunak utzitako hutsunea beteko du 125 cc mailako Ajo Motorsport talde indartsuan.
p020_f01_333x333.jpg

Asier AIESTARAN

Efren Vazquezek aurrerapausoak ematen jarraitzen du bere ibilbidean. Izan ere, moto gidari bilbotarrak Ajo Motorsport talde indartsuarekin sinatu du datorren denboraldia osatzeko, aurten 125 cc mailan munduko txapeldun izan den Marc Marquez kataluniar gaztearen hutsunea betetzeko, hain zuzen ere.

Aki Ajo enpresari finlandiarra egunotan Estatu espainolean egon dela baliatu dute kontratu berria sinatzeko, eta akordioaren nondik norakoak atzo argitu zituzten gidariak eta Herri Torrontegi bere managerrak Bilboko hotel ezagun batean. Efren Vazquezek gidatuko du Ajo Motorsport taldearen lehen Derbia, eta Johann Zarco frantsesa izango da bere taldekidea.

Errekaldekoak milioi bat euroko aurrekontua izango du Munduko Txapelketa osatzeko eta kopuru horren %40, gutxi gorabehera, egungo bere hiru babesle nagusiek -Bizkaiko Aldundia, Bilboko Udala eta BBK- ipiniko dute. Torrontegiren esanetan, gidariak berak aurrekontuaren beste %20 inguru gehiago jartzea ere espero dute, beste babesle batzuen bitartez. «Zorionez, ez dugu %100a jarri beharko, beraiek izan baitira gure bila etorri direnak, eta ez alderantziz», gaineratu zuen.

Aki Ajo finlandiarrak azaldu zuenez, «Vazquezen lana interesgarria iruditu zait, oso denbora gutxian iritsi delako goi-mailara. Uste dut bere helburuak lortzen lagundu diezaiokegula, falta zaion azken urrats hori eman dezan. Gaitasun handiak dituen gidaria da eta lasterketa guztietan podioan sartzeko borrokan egon gaitezke».

Esker ona eta erantzukizuna

Espero zitekeen moduan, pozez zoratzen dago Efren talde berriarekin. «Berri oso garrantzitsua da niretzat. Urtetik urtera pixkanaka hobetzen joan gara eta urrats berri honek behin betiko aurrerapausoa suposatzen du, datorren urtean garaipenaren borrokan egoteko aukera ematen didalako. Aurtengo denboraldian bultzada bat falta izan zaigu azken lasterketetan, eta hobekuntza txiki hori da talde berri honek emango diguna».

Herri Torrontegik, bestalde, Ajo Motorsport egituraren maila nabarmendu nahi izan zuen: «Aurten aurreneko postuen lehian ibili da Efren, eta hurrengo urtean lasterketa guztietan garaipenaren bila joatea zen helburua. Horretarako, Ajo Motorsport aukera paregabea da, maila goreneko azpiegitura teknikoa eskaintzen digulako».

Eta horrez gain, irakurketa orokorragoa ere egin nahi izan zuen: «Euskal motoziklismoa gorenera eramateko une erabakigarrian gaude, eta horregatik eskertu nahi dut bereziki babesle guztien laguntza».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo