GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezker abertzalea Udaletik kanporatzearren, idazkaria «erasota» Leaburun

2007ko udal hauteskundeak egin ostean, Bide Berriak plataformak hartu zuen agintea Leaburun. Ordutik, arrazoi politikoak medio, idazkaria «jazarria» izan dela salatu du ezker abertzaleak.

Janire ARRONDO | LEABURU

Herritarren gehiengoak aukeratutako indarra izan ez arren, Alderdien Legeaz baliatuta, Leaburu-Txaramako Udaleko agintaritzaz jabetu zen Bide Berriak plataforma 2007ko maiatzeko hauteskundeen ondoren. Zehazki, hiru zinegotzi lortu zituen plataforma honek; ezker abertzaleak, aldiz, lau. Baina zerrenda legez kanporatuta zegoen. Horiek horrela, Bide Berriak-en zerrendan bigarren postua zuen Mari Cruz Agirrek hartu zuen alkate kargua, eta lehen Leaburuko idazkari izandako Jose Martin Deusto Iturrik eta hirugarren lagun batek bete zituzten zinegotzi postuak.

Udalbatza herritarren borondatea errespetatu gabe osatzea lehen pausoa baino ez zen izan, ordea, Leaburun; handik aurrera ezker abertzalearekin zerikusirik zuten udaleko langileen aurkako «erasoaldia» hasi baitzen. Hala salatu zuten atzo Leaburuko zein Tolosaldeko ezker abertzaleko kideek prentsaurrekoan. Bide Berriak-en «helburu bakarra» ezker abertzalea Udaletik kanpo uztea dela salatu zuten, eta horretarako, Alderdien Legea «ezin hobeto» etorri zaiela. Hala ere, ezker abertzaleak «herrian irabazi duen» konfiantza Bide Berriak plataformak ez duela «inoiz» izango esan zuten. Ezker abertzalearen «bazterketaz» harago, baina, Leaburuko Udaleko idazkariarekin alkateak eta zinegotziak izan duten jarrera salatu zuten: «Idazkaria mespretxatu dute, bere aldeko lana zalantzan jarri eta gutxietsi». Jarrera horiek direla medio, idazkariari «mobbing»-a eragiteagatik inputatuta dago Deusto Iturri zinegotzia, eta Agirre alkatea inputatzeko eskaria ere eginda dago. Tolosako Epaitegian bien kontra aurkeztutako idatzietan jasotzen denez, Deusto Iturri eta Agirre «bortizki jazarri» zaizkio idazkariari, urtebetez antsietate depresiboak eraginez, ia urtebetez bajan egoteraino. Leaburun argi dute helburua «ezker abertzaleari mendekua egitea» dela.

2007ko uztailaren amaierako udalbatza baten ondoren izandako istiluek eragin zuten idazkariak zinegotzia salatzea. Udalbatzan «gestora bat eratzeaz» hitz egin zela jaso zuen idazkariak, ondoren Deusto Iturrik «indarrez aldarazi» nahi izan zituen aktak.

Handik aurrera hainbat gertakari izan ziren. Aste gutxira, udalbatzara hedabideak deituta, aktak lapurtzea egotzi zioten idazkariari; eta gainera, ez zioten aurrez jakinarazi, legeak agintzen duen gisan, udalbatzan aztertu beharreko gai zerrenda.

Idazkariaren bulegoan zegoen altzari bat erretiratu zutela ere jasotzen dute akusazio izapideek. «Baimenik eta inongo kontrolik gabe» udal agiriak lurrean botata utziz atera zuten altzaria. GARAk jakin duenez, gainera, Bake Epaitegian antzekoa gertatu da, bertako artxibo informatiko osoa ezabatu baitute. Bestalde, Agirre alkatea idazkariaren etxean agertu zen beste batean, «jarrera oldarkorrez», hurrengo egunerako udalbatzara joateko aginduz, horretarako Leaburutik Beizamaraino joan zen alkatea.

Horiek horrela, badaezpadako neurriak eskatu dituzte epaitegian: hain justu, zinegotziari eta alkateari idazkariaren bulegoan sartzea debekatzea, komunikazioa idatziz- koa izatea eta etxera hurbiltzea debekatzea.

epaitegietan

Ezker abertzalea Udalbatzatik kentzeaz harantzago, Bide Berriak plataforma independentistekin zerikusirik duten udal langileei «jazarri» zaiela salatu dute Leaburun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo