Derbia Illunben
Kopari sentimenduak eta mendekuak bost axola
Bilbao Basketen hazkuntzan eragin itzela izan zuen Javi Salgadok bere iraganaren aurka borrokatu beharko du bere egungo taldeak lehen aldiz kopa jokatu ahal izan dezan erabakigarria izango den lehian.
Jon ORMAZABAL
Oroimenean aztarna utzi arren, banantze guztiak ez dira traumatikoak izaten, eta esan daiteke, bai Javi Salgadori, bai Bilbao Basketi elkarrekin zeudenean bezain ondo doazkiela gauzak bakoitzak bere bidea hartu zuenetik. Dena dela, elkarrengandik horren gertu egonda, bide horiek beti gurutzatzen dira eta Madrilen jokatuko den Koparako bidean, Illunbeko pabiloia izango dute gaur bi ibilbide horien gurutzagunea.
Bilbao Basketek egun duen maila nekez uler daiteke Txus Vidorretaren eta Javi Salgadoren izenak gogoan izan gabe. Etxeko bi gizonek sekulako pisua izan zuten taldea ACBra igo eta proiektua sendotzeko garaian, baina arrakasta ez da beti esker onekoa izaten eta uda honetan Santutxuko antolatzaileak A-8aren beste aldean jarraitu behar izan du saskibaloian jokatzen Fotis Katsikarisek ez zuelako alboan nahi. Hilabete batzuk geroago, txapelketak mendekurako aukera eman dio jokalariari eta bizkaitarrek euren iraganaren aurka borrokatu beharko dute, Kopari bost axola baitzaizkio sentimenduak. Gaur garaipena lortzen duen taldeak Madrilerantz pauso garrantzitsu bat emango du, GBC eta Bilbao Basket, gaur egun, borroka horretan etsai zuzenak baitira.
Eragin zuzena
Gainera, iraganaz harago, Javi Salgadoren beraren joko mailak zeresan handia izango du partidaren norabidean. Izan ere, partidaren erritmoa biziagoa edo motelagoa izateak talde baten aukerak biderkatzen ditu. Printzipioz behintzat, donostiarren interesei askoz hobeto datorkie partida geldo edo motelagoa, erasoak estatikoan erabakitzen diren horietakoa. Bizkaitarrek, aldiz, intentsitate eta defentsa handiko lehia hobesten dute, hau da, Salgado edo Uriz antolatzaileak itotzen saiatuko dira.
Gipuzkoarrei Real Madrilen aurka porrot handi bat jaso ostean datorkie partida hau, bizkaitarrek, aldiz, Alacanteri irabazi zioten pasa den igandean, hori bai, joko eskas xamarra egin ostean.