GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Ama Say taldearen igoerak eta jaitsierak, «re-n» eta «fa-n» emanak

Oreka mi tonuan badago, guztiz desorekatua datorkigu Ama Say taldea plazara, re-n edo fa-n. Meatzaldeko taldeak ez zuen lanik argitaratzen 94an «Say Ama» plazaratu zuenetik, eta plazetara itzuli ostean, disko berria aurkeztu du orain, lagunarte gozoan egina, soseguz eta sakon. Bost urteko ibilera eta bi lan luzeren ostean, ez dira hamasei urte alferrik pasa taldea mututu zenetik; baina egun Euskal Herrian inoiz baino gehiago dira Ama Say-ren fan.

p044_f01_204x112.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Gauza askori buruz hitz egiteko beharra» duelako bueltatu da plazara Ama Say, eta «Ren fan» lan berria argitara eman, bi urte inguru errepideak ibili eta ibili ostean taldearen hausnarketatik sortutako emaitza.

Ama Say orain bi urte inguru itzuli zen agertokietara, bost urteko ibilbide oparo eta laburra eten zutenetik hamabost hamasei urte geroago. Eta badira hamabost-hamasei urte taldeak bost urteko ibilbide oparo laburra eten zuenetik, Topo abeslariak Bartzelonara jo zuela-eta. Oholtzaz oholtza, itzulera ezin beroagoa izan dute gainera. «Erantzunak harritu gintuen», aitortzen dute taldekideek.

Zuzeneko aro berriak kantuak loratu zituen Ama Say taldean, eta hausnarketa sakon baten ondorioz, «Ren fan» izeneko lanean eman dituzte gero, «zerbait esan nahi genuen-eta», Topo eta Gontzal anaiek diotenez. «Ez zaigu gustatzen inguruan ikusten dugun egoera» azaltzen du bateria jotzaileak, «eta aldaketak lortzeko borrokatzen gara. Eta musikariak garenez, gure bidetik egiten dugu, musikaren bitartez».

Topok aitortu zuenez, «ez genuen nahi arazoak gure aurrean ikusi eta ezer esan gabe gelditu», eta «Ren fan» lanean azaleratu dituzte beren kezkak, kantuen bitartez, eta hitzetan gainera, guztiek izan dute zerbait esateko.

Berrogei urteko umeak

«Kantu baten sorrera guregan garrantzia duena adierazteko zirraran datza» dio taldeak. Lana Xanperekin grabatu zuten Bilboko Koba estudioan, iragan udan. Eta zailtasunak zailtasun, gorabehera asko izan dituzte-eta, aurrera atera eta bukatzeaz harro daude. Berrogei urteko ume hauentzat ez baita erraza izan «Ren fan» gauzatzea -bata Bartzelonan bizi dela, bestea guraso dela...-; nahiz eta rock musika beraientzat «bizitza ikusteko filtroa izan, eta behar-beharrezkoa duten, esan beharrekoa esateko».

Argitaratzaile berriz, Tolosako Bonberenea izan dute. Izan ere, Ama Sayk garrantzi handia eman dio diskoa lagunen artean garatzeari. «Xanpek pazientzia handia izan du gurekin, beti bezala, eta Bonberenea geu ere bagara. Gu beti txikiekin ibili gara, txikerren artean gauza handiak egin daitezke-eta», aitortzen du Gontzalek. «Gainera, lagunen artean gauzak hobeto egiten dira, lasaiago eta sakonago». Lan erritmoari dagokionez, «izatekotan, guk geuk gure buruari jartzen diogun presioa baino ez dago, eta nahi duguna egiten dugu nahi dugunean, edo ahal dugunean».

Aitite Pedrori eskaini dioten lanean, Bilbao anaiek (Ibon `Topo' abeslaria eta Gontzal bateria jotzailea), Mikel Gonzalez baxu jotzaileak -diskoaren diseinuaz ere arduratu da- eta Joakin G. Picaza gitarra jotzaile finak ez ezik, Maite Mursego eta Txapek (Lisabö) ere parte hartu dute -ahotsak sartu dituen lagun andanaz gain-. «Denon artean lan berezi bat sortu dugu, sentimendu askorekin egina eta hunkigarria, gure harremanak islatu baititugu bertan», azaldu dute.

Indar guztia sortu berri duten diskoan jarri ostean, berriro oholtza gainera salto egiteko prest da taldea. «Lau zuzeneko emango ditugu, hilean bat, guretzat opari bat direna eta jai handi baten modura prestatuko ditugunak. Gero, akaso, izango dira gehiago» –edo ez–.
Abenduan Gasteizko Jimmy Jazzen hasiko dira, eta Tolosako Bonbereneara heldu martxoan –Gipuzkoan izan omen dute beti zale gehien–.

LAGUNARTEKO LANA

Xanpe lagunarekin Koba estudioan grabatu eta Bonberenea zigiluan plazaratu du Ama Sayk «Ren fan». Lagunarteko lana da beraz, «lasaiago eta sakonago egina, txikien artean gauza handiak lor daitezke-eta».

Zuzenean

Abenduak 18:

22.30. Jimmy Jazz (Gasteiz) + Borrokan.

Urtarrilak 29:

22.30. Plateruena (Durango).

Otsailak 10:

21.30. Kafe Antzokia (Bilbo).

Martxoak 26:

22.30. Bonberenea (Tolosa).

Musikan zeresana eta musikarekin esateko modu propioa

Izenean daramatzaten beste urte egin zituen kasik Ama Say taldeak mutu, iaz berriro oholtzaratu zen arte. Zuzenekoetara erakarri zuen entzuleriaren kalipua bereganatu zuen taldeak orduan, eta elkartzeak kantuak ekarri zituenez, kantuek «Ren fan» lana gauzatu dute.

Kultuzko talde bihurtua zela gorpuztu zen berriro Ama Say, eta singularitatea mantentzen zutela aldarrikatu. Musikari eta pertsona bereziz osatua, badute zer esan eta esateko beren modu propioa. Horregatik dugu beharrezkoa «Ren fan», Ama Sayren ahotsa putzuan itota gelditu ez dadin. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo