Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
Soka ikusezinen manipulazioa
Azaroan sartuak gara eta euriak geure lurra ureztatuko duen modu berean, antzezlanek ere, euri tantoen moduan, geure irudimena eta sormena ureztatu eta elikatuko dute neguaren magalean sartu aurretiko egun euritsu hauetan. Izan ere, hilaren 4an Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen XXVIII. edizioa hasi baitzen. Topaketa hauen helburua euskarazko antzerkia sustatzea izaki, talde profesional, amateur nahiz zenbait ikastetxetako lanak ikusteko aukera izaten ari gara hilaren 21a bitartean. Aurtengo edizio honetan haurrei eta helduei zuzenduriko hamaika ikuskizun izango dira orotara eta estreinaldiak ere ez dira faltako, hala nola: Hortzaka taldearen «Kale edo bale?» eta Oihulari Klown taldearen «Xake» antzezlanak, hain zuzen ere.
Eta hodeietan itsatsirik dauden euri tantoen soka ikusezinak bezala, antzerkia ere, soka fin hauetan zintzilikatuko zaigu, Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia gaurko egunean hasiko baita. XXIX. edizio honetan Asiako kultura eta tradizioa izango dira ardatz nagusia eta horretarako, mundu zabaleko hainbat ikuskizun ikusteko aukera izango dugu bertan. Bihar berriz, musikaren soka melodikoetatik zintzilikatuko gara Donostiako Victoria Eugenia antzokian, izan ere, «Golden en blanco y negro» musikala izango baitugu. Ikuskizun honetan Pandoraren kutxa zabaldu eta iraganeko kantuak entzuteko aukera izango ditugu, antzinako txorien hegaldi zaharren moduan. Baina txori guztiek ez dute hegan egiterik izaten, eta krisi garai latz hauetan, hegan egiterik ez duten txoriei buruz mintzatuko zaigu Teatro Paraíso taldea hilaren 14an Gasteizen estreinatuko duen «Vuela si puedes» antzezlanarekin.
Eta gizakiok hegan egiterik ez badugu ere, soka ikusezinek manipulatu gaitzakete, izan ere, Tolosara jauzi egin beharrean gaude, hilaren 27an Titirijaiaren XXVIII. edizioa hasiko baita.
Aurtengo edizio honetan bertako konpainien lanak ikusteaz gain, Argentinatik, Kanadatik, Kubatik, Japoniatik, Suitzatik, Italiatik, Frantziatik, Aragoitik, Andaluziatik eta Kataluniatik etorritako taldeen hogeita bost ikuskizun ikustea izango dugu eta ez hori bakarrik, Aranburu jauregiko erakusketa Japoniako txotxongiloari eskainia izango da. Eta txotxongiloen soka ikusezinarekin jarraituaz, Sestaora joan beharrean gaude, hilaren 20an hasi eta zortzi egunetan zehar, txotxongilo festa izango baitugu bertan.
Eta txotxongiloez ari garela, ezin ahaztuko dugu pinuzko panpina izatetik hezur eta haragizko mutiko bilakatzea lortu zuen Pinotxo. Izan ere, hilaren 27an, fikziotik errealitate bilakatzea lortuko baitu Vaiven taldeak «Duda razonable» antzezlana Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Eta tratu txarren inguruan hegan egiten duen txori honekin galdera datorkit burura. Nork manipulatuko ote ditu tratu txarren soka ikusezinak?