Villabona, euskararen eta antzerkiaren topaleku
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZ) «I. Antzerkizale Eguna» ospatuko du datorren hilaren 27an Villabonan. Kalean eta antzokian izango da festa, haur edo heldu izan, amatuer nahiz profesional gisa aritu. Euskara eta antzerkia maitatzea da garrantzitsua.
O.L. | DONOSTIA
Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZ) iragandako ekainean sortu zenetik ekintzak antolatzen jardun dute kideek. «Horretan ginela -dio elkarteko Idoiak-, ikusi genuen egun hau antolatzeko beharra, ez hainbeste erakusteko helburuaz, euskal antzerki inguruan mugitzen den jendea biltzeko baizik, hemen gaudela esateko eta indarra badagoela esateko». Festak beraz, taula gaineko profesionalak nahiz hasiberriak edota amateurrak biltzeaz gain, antzokietako besaulkietan esertzen diren zaleak ere erakartzea du helburu.
Adin guztietako antzerkizaleak Villabonara gerturatzera deituak daude beraz. «Umeak guretzat oso garrantzitsuak dira. Beti esan izan dugu umeak zaletuz gero, gurasoak ere zaletzen direla, eta alderantziz ere bai. Borobil horren barruan denek hartzen dute parte». 11.30ean Porrotx eta Marmotots izango dira eta jarraian Poxpolo ta Konpainia. Ondoren kale animazioa eta 14.30ean herri bazkaria. Erreserbak egiteko antzerkizale@hotmail.com helbidera idatzi behar da (azken eguna, azaroaren 23a).
Kaleko ikuskizunei dagokienez, 17.30ean, hamar minutuko antzerki pieza txikiak eskainiko dituzte herriko kaleetan. Besteak beste, Ixabel Agirresarobe eta Mikel Laskurain, Abarka edo Battitta lau ttitta taldeak arituko dira.
Estalian eskainiko den emanaldia, berriz, Gurea antzokian izango da, 20.00etatik aurrera. Bertan, Kontxu Odriozola edota Eñaut Gantxegiren parte hartzearekin, I. Antzerki Saria emango da. Errekonozimendua nork jasoko duen datorren astean emango da jakitera.
Antzokian bertan, sari banaketaren ostean, Edurne Agirrezabala izango da «Sarean zintzilikatua»arekin, bere azken ikuskizunarekin. Sarrerak leihatilan eskuratu daitezke, 10 euroren truke. 23.30ean DJ Bull-en musikak itxiko du eguna.