Xabinaitor superheroia Donostiako poxpolinen atzetik ibiliko da
Ez da Superman, ez da Batman... Xabinaitor da, EGA agiria duen superheroi bakarra, eta Donostiako Antzoki Zaharrean izango da asteburu honetan Gorringo taldearekin batera. Patxi Gallegoren komikian oinarrituta, Nagore Aranburuk egindako antzerkirako egokitzapena da «Xabinaitor», Asier Sota, Mikel Pagadizabal, Anjel Alkain, Egoitz Lasa, Ainere Tolosa, Mikel Laskurain eta Ixabel Agirresarobek antzeztua eta Anartz Zuazuak zuzendua. Donostia inguruko poxpolinak adi ibili beharko dute, beraz, asteburu honetan zehar. Gaur eta igandean saio bana eskainiko dute, 20.00etatik aurrera. Larunbatean, berriz, saio bikoitza: 20.00etan eta 22.30ean.