«Gure musika barneak askatzeko baliabidetzat hartu eta erabiltzen dugu»
Xarma laukotea Keike talde ondarroarraren errautsetatik sortu zen 2007. urtearen amaieran. Garai horretan, Keike taldeak jarduna etetea erabaki zuen, bidean hamar urte eta iraupen luzeko bi disko utzi eta gero. Itsasok (gitarra) eta Ion Kirruk (gitarra eta ahotsa) berriz, abentura berri bati ekitea erabaki zuten, musikaren pozoia ekidin ezinik. Apurka-apurka taldekideak bilatzen hasi, eta taldera batu ziren Joshua (bateria) eta Christian (baxua), Horrela osatu zen Xarma. Ezinbestean, Xarmaren musikan Keikeren zertzeladak sumatzen dira, baina norabide berriak eta berezkoak ere bai.
Azken bi urte hauetan egindako lan hau guzti hau «Amaraunak» (autoekoizpena) diskoan bildu dute, Tolosako Bon- berenean eta Karlos Osinagaren gidaritzapean. Moldaera askotariko doinuak biltzen dituen diskoa da honako hau, betiere rock musikaren koordenadetan.
Musikaren aldetik aldaketak nabariak diren arren, Keikeren zertzeladak sumatzen dira, kantu berrietan batez ere. Talde berri bat izan arren, jarraipen bat ere badela esan daiteke?
Bai, jarraipen bat da. Azken batean, Ion Kirruk eta biok egiten ditugu konposaketa lanak, elkarlanean, elkarri proposatuz, elkar lagunduz. Keiken Ion Kirruk sortzen zituen kanta gehienen oinarria, eta Xarman oinarria garatzen doan arren, ideia asko berak sortu ditu, guztion artean mamitzen ditugun arren. Finean, buru berberetatik ateratzen dira ideiak eta jarraipen natural bat dela esan daiteke, zentzu batean.
«Amaraunak» oso disko irekia dela esan daiteke, moldaera ugaritako kantuak azaltzen direlako bertan. Taldea oraindik bidea bilatzen ari da, ala azaltzen den hori da taldearen bidea?
Bereziki bilatutako zerbait ez den arren, halaxe suertatu zaigu. Kantak Ion Kirruk eta biok egiten ditugunez, batetik besterako alde hori nabaria dela esan daiteke. Baita hitzetan ere, batzuk barne kezkez edota emozioez mintzo dira, eta besteek, gatazka eta injustizia sozial eta politikoek sortzen diguten haserrea adierazten dute. Hala ere, hori da Xarma definitzen duen ezaugarrietako bat. Aniztasun hori. Kantuak beraien artean alderatuta, ukitu desberdinak dituztela esaten dutenean, guk gauza positibotzat hartzen dugu, azken batean, musika barneak askatzeko baliabide gisa erabiltzen dugu, eta egunaren arabera barneak aztoratuak, amorratuak edo pozik ditugunez, horren arabera ere ateratzen dira kantuak.
Ion Kirruk hartu du ahotsaren ardura disko honetan, eta hala ere bada zuk kantaturiko bat, eta, kantu askotan azpi-ahotsak ere topatzen dira. Bi ahotsak lantzeak joko polita ematen die kantuei, aurrera begira bide horretan sakonduko al du taldeak?
Xarma taldea sortzea erabaki genuenean, nik animatu nuen Ion Kirru kantatzera. Musikari gehienok kutxa batean gorde ohi ditugu kanta batzuen ideiak, zatiak edota kanta osoak. Nik Ion Kirrurenak entzun nituenean, berak abestea proposatu nuen. Jauko Barik taldean abesten nuen eta ondotxo ikasi nuen zein den abeslari izatearen zama eta ardura. Horregatik, Keiken gitarra jo eta soilik musika tresnaz gozatzea erabaki nuen. Bizipen hori asko gustatu zitzaidan. Xarma hasi zenean, korotxo batzuk sartuko nituela erabaki genuen, eta, berriz ere, abesteko gogoa piztu zitzaidan. Nik ere banuelako kantez betetako neure kutxa partikularra. Aurrera begira, bi ahotsen lanketa Xarmaren ezaugarrietako bat bilakatuko dela esango nuke. Mutilaren eta neskaren ahotsak parez pare egotea, alegia. Eta, kantaren batean gehiago aldatzea paperak... nik ahots nagusiaren papera hartu eta Ion Kirruk koroak eginez. Christianek ere, zuzenekoetan, korotxoren bat egiten du. Sortzen ari garen kanta berrietan ideia horrekin gabiltza.
Bai. Lehen esan bezala, guretzat musika barneak askatzeko bidea da. Eta herri honetan kontuak ez daude leunarenak egiten hasteko. Euskal Herrian dauden milaka injustiziek haserretzen gaituzte, eta gure ezinegona konpartitu nahi dugu. Kaleratu. Ideiak argi esatea oztopatu nahi diguten garai honetan, ez baitugu isilik egon nahi!
Keike, Jauko Barik... urte piloa musika eszenan. Musika munduan eskarmentua izan arren, zaila da proposamen berri bat aurrera ateratzea.
Gero eta talde gehiago dago, eta gero eta erraztasun handiagoak daude taldeek beren maketa, diskoa beren kasa grabatzeko. Talde asko eta oso maila onekoak ditugu gurean. Eta guztien artean leku bat egitea eta ezagutzera ematea nahiko zaila da. Hori horrela izan arren, eta poliki-poliki bada ere, taldea ezagutzera ematen ari gara. Urte mordoa daramatzagu musika eszenan, bai. Eta bitxiena da, hasierako gogo eta ilusio berarekin aritzen garela. Eskarmentua izateak dakartzan alde onekin, gainera. Halere, kontzertu guztien aurretik sortzen den zirrarak eta emanaldi bakoitzean sentitzen dituzunak dira bide honetan jarraitzera eramaten gaituztenak.
«Kantuen artean desberdintasunak daudela esaten digutenean, gauza positibotzat hartzen dugu. Aniztasuna da gure musikaren ezaugarrietako bat»
Taldea: Xarma.
Diskoa: Amaraunak.
Kantu kopurua: Hamabi.
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Zuzenean: Bihar, larunbata, Ondarroako gaztetxean + Itaka.
Azaroak 26: Elgeta (Espaloia Kafe Antzokia).
Sarean: myspace.com/xarmamusika