Ura, lurra, sua eta haizea hizpide hartuta omendu zuten Karmele Igartua idazlea
O. L. | BERGARA
Iragandako abuztuan zendu zenetik, Karmele Igartua (1959-2010, Aretxabaleta) poeta, irakasle eta idazleari omenaldi ugari egin dizkiote Euskal Herrian. Azkena, atzo Idazle Eskolak Bergarako UNEDen areto nagusian ospatutakoa. Eguerdian puntuan hasi zen ekitaldiak jende andana bildu zuen: lankideak, lankide ohiak, berarekin ikasi zutenak...«Bai azken urteetan aretxabaletarrarekin harremana izan zutenak, baita bere bizitzan zehar ezagutu zutenak ere», adierazi zuen Idazle Eskolako Leire Zubeldiak.
Ekitaldia ura, lurra, sua eta haizea elementuetan oinarritu zuten, ezagutzen zutenen aburuz, «horiek laburbiltzen baitute Karmeleren nortasuna. Lurrari oso lotua zegoen -azaldu zuen Zubeldiak-, abertzalea eta euskalduna izateaz gain, mendia ere gustuko zuelako. Bestetik, askatasuna maite zuen. Zentzu horretan, haizea bezalakoa zen». Suak idazlearen «bizitasuna» islatzen du, pertsona «gartsua» baitzen eta, azkenik, ura. «Itsasoarekin harreman estua zuen. Hendaian zuen etxera maiz joaten zen eta Lekeition ere igarotzen zituen denboraldiak».
Txalapartak lagunduta, elementu bakoitzarekin Igartuaren poemak eta testuak irakurri zituzten, horien artean, berak idatzitako «Itsaso kontra bat» liburuko olerki batzuk (udaberrian Pamielak aterako du argitara).
Parte hartu zutenen artean Joxe Angel Irigarai idazle eta poeta izan zen. Igartuaren kemena nabarmendu zuen, «izatearen eta ez izatearen artean egon arren, idazten jarraitu zuelako».
Atzokoarekin, Idazle Eskolak aurtengo ikasturterako prestatutako «Idazleak irakurle» mintegiari hasiera eman zion. Edizio hau «Amodioak eta eza» gaiaren ingurukoa izango da.