GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Bertsulari xapelketako finala

Bigarren txapela ere, Amets Arzallus hitzaren eta bertsoaren maisuarentzat

Hitzaren eta bertsoaren maisua. Beste Xalbador bat. Horrela izendatu zuen Mixel Itzainak Amets Arzallus, bigarrenez, Ipar Euskal Herriko Txapelduna.

p008_f01_250x132.jpg

Ane ARRUTI

Etorkizuna ez dela bere eskuetan kantatu zuen azken lanean; Amets Arzallusek, baina, argi erakutsi zuen, bide honetan jarraitzen badu behintzat, bere buruari jarritako helburu oro esku-eskura izango duela. Beste behin dotore aritu zen kantuan, hitz josketan, bai eta umorean ere. Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekua izan zen atzo 1.900 bertsozalerentzat topaleku eta, izenari ohore eginez, jai ederra bizi izan zen Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bigarren txapelketako finalean. Protagonista nagusiak, zortzi: Xumai Murua, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Ekhi Erremundegi, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Joanes Etxebarria eta Amets Arzallus. Eta bigarrengoan ere, txapela Hendaiara. Mixel Itzaina euskaltzain urgazle eta Ipar Euskal Herriko bertso giroan aski ezaguna denak jarri zion buru gainean, baita makila entregatu ere, eta argi mintzatu zen gainera: «Seguru naiz entzuleak hemen ikusi duela beste Xalbador bat, bertsuaren eta hitzaren maisua».

Barrosorekin, buruz buru

Buruz burukora bik iritsi behar izaten dute derrigorrez, baina atzoko saioan hiru bertsolari aritu ziren gainontzekoak baino koska bat gorago. Ametsek pare-parean izan zituen bai Odei Barroso, baita Sustrai Colina ere. Azken hau izan zen Arzallusekin duela bi urteko txapelaren lehian eta faboritoen artean zen aurten ere. Bukaerara, ordea, Barroso gaztea sailkatu zen lan txukuna eginda. Bi puntuko aldea baino ez zion atera Sustrairi (386) Barrosok (388). Dotore aritu ziren bi urruñarrak.

Buruz burukora, 417 punturekin iritsi zen Arzallus. Hasteko, zortziko txikian aritu ziren Barroso eta biak. «Zu, Odei, parke batean ziren Apoloren eskultura handia zara. Amets nehork deus galdegin gabe garbitzera heldu zaizu egun guziz», izan zuten gaia. «Beti trapu garbiak hartu eskuetan/ batzutan olioa ta grasa bestetan/ eman ta eman bere atze ta aurretan/ eta pentsa azkenean hasi da hizketan», esan zion Ametsek eta, bigarrengoan, «Nik garbi uzten dut beti igurtzi ta igurtzi/ baina txoriek zeinen errespetu gutxi».

Kartzelako lanean, hitzari eta gaiari kantatu behar izan zioten. «Koropiloa» hitzari Arzallusek kantatutakoa, gogoangarria: «Gure korapiloak diren bi estatu/ guhaur ez al gira korapilatu/ korapilo borobil edota karratu/ korapilo anarko edota sakratu/ puntak nola hartu/ ta zilotik sartu/ nola estekatu/ dugu estudiatu/ noiz ikasiko dugu nola askatu».

Gaia, berriz, honakoa izan zuten. «Goizean atera zara etxetik. Bidean zoazela iragarki bat ikusi duzu eta hona zer dioen: `Etorkizuna zure esku da'». Barrosok honela esan zuen lehenengoan: «Tabernan hartu eta bizpahiru pote/ begirada bat berriz emanen nioke/ zure eskutan dago hau normala ote/ iragarkiek beti gezurra diote». Eta, hirugarrengoan, errematatu egin zuen: «Enuke pairatuko heien erresuma/ ta enuke hartuko gutunentzat luma/ ez litzake pasako horren tren txukuna/ geroa ez ginuke den bezain iluna/ ez ginuke kartzelan maitea laguna/ ez ginuke irrifar txiki ta urruna/ gure eskutan balego gure etorkizuna».

Arzallusek egunean bizitzeko hautua egin zuen: «Nik ez dut nahi etorkizun galdera haundi hori ukan/ badakit gaur ene eskutan zer ta zertarako dutan/ ta iragarkiek gezurra dute mihiaren puntan/ hala saldu nahi du baina ez dago gure eskutan».

Hasieratik

Lehenengo ariketatik indartsu hasi zen Barroso. Zortziko nagusian, Zabaletarekin aritu zen; presondegiko patioan egin zuten biak topo. Hona Barrosoren lehena: «Ez ote dugu hain negu hotza ta gogorra aurtengoa/ hamar aurrera hamar atzera ta zer paseo eroa/ bainan barnean badut oraino aski sentipen sendoa/ jada ahantzi dut ze zenbaki den hamarraren hurrengoa».

Hamarreko nagusian, lehenengo bi sailkatuen lana izan zen txalotuena. «Zuk Amets, herriko karrikak bideo kameraz zaintzen dituzu. Larunbat gauean Odei zure aita parrandan ikusi duzu. Goiz honetan, biak parez pare, askaiten ari zarete», jarri zien gaia Joana Itzainak. «Semeak egiten dit aldi oro berdin/ eta biharamunez jokatzen du gordin/ beraz erantzuteko bideari ekin/enengoen elizan enenbilen hain fin/ baina ibili nintzen apez jaunarekin», argitu zion Barrosok. Ametsek, harrituta: «Zure amante hori apaz jauna bada/uste nuena baino larriagoa da». Zerua irabazita zuela gaineratu zion hurrengoan Ametsek, baina Odeik ez zuen hain argi ikusi: «Zerua segurra dut diozun bezala/ baina amak jakiten baldin badu ala/ uste dut infernua biziko dudala».

Kartzelako lanean gehienak ongi aritu ziren. «Itxura» izan zuten kantatzeko lehenengo hitza. Txalo sorta ederra bildu zuen Joanes Etxeberriaren bertsoak. «Xiberotarren ordezkaria izan behar nihala nik/ lehia huntan nik zunbat aldiz ez dut ba ukan entzunik/ ta ez dut ahazten nik badudala odol zerbait Bizkaiatik/ itxura istoria aipatzen da ta heben egia erranik/ izatez euskalduna naiz eta bestia itxura baizik». Izan ere, bigarren final honetan ere izan zen aipatzeko beste nobedade bat, zazpi lapurtarren artean Joanes Etxebarria barkoxtarra sailkatu baitzen. Bere mintzairan kantatuz eta, batez ere, umore kolpe ederrez konkistatu zuen pilotalekua. Sailkapenean ere islatu zen hori, laugarren postua eskuratu baitzuen 347,5 punturekin.

Gaia, berriz, honakoa zuten: «Ez zuen zuregandik hori igurikatzen. Ze irrifar gozoa atera zaion». Colinak lehenengo Habaneran, borobil: «Orain gutxi hasi nuen harreman sentimentala/ azkenengoa neretzat suertatu baitzen letala/ afari baten ostean postrea ekarri ahala/ neskari begiratuta esan diot berehala/ ni enaiz oholtza gaineko tipo lehor ta zitala/ ez naiz oholtzako xalaua ezta intelektuala/ ta orduan atera zaio irripar zabal zabala/ lehen aldiz esandakoan bihotzez maite dudala».

Etxebarriaren Zabaletarena ere hunkigarria izan zen; 23 urtez preso dagoen bere aitaz eta gero amaz oroitu zen bera. Lastima izan zen hirugarrengoan ihes egin zion potoa. Etxeberriak barre algarak eragin zituen neska batekin ari zela: «Utzi genian, ez utzi nian holakua nintzalako/ eta ze poza hartu zin harek arras jin nintzaiolako».

Ametsek, berriz, loreak opari amari: «Etzuen berak inoiz espero nik loreak ematea/ eta nik ere enuen espero hortako gai izatea», lehenengoan. «Loreak hartu eta muxuak hartuak ditu banaka/ izotzezkoa naiz berez baina urtzen noa pixkanaka», amaitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo