GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Bigarren maila

Lehen Mailara begira jokatuko da finala

J.L.

Sei aizkolari eta datorren urtean Lehen Mailan aritzeko bi txartel, horixe izango dute jokoan bihar, 17.30etatik aurrera Doneztebeko pilotalekuan jokatuko den Bigarren Mailako Euskal Herriko finalean.

Xabier Mindegia, Ohian Larretxea, Jexuxmari Lasa, Manolo Kañamares, Ander Erasun eta Ugaitz Mugertza izango dira lehian. Fausto Mugertza ere aritzekoa zen, baina mutrikuarra min hartuta dago, eta bere ordez semea, Ugaitz, arituko da, kanporaketan zazpigarren geratu zena, alegia. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi oinbiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Txapeldunak eta bigarren sailkatuak datorren urtean Lehen Mailan jokatzeko txartelak eskuratuko dituzte, eta horrela aurten Barberenak eta Rekondok utzitako lekuak bete ahal izango dituzte.

Faboritoak aipatzean, Ohian Larretxea, Lasa eta Xabier Mindegia agertzen dira beste guztien gainetik. Mindegia onena izan zen kanporaketan, eta Larretxea gaztea, berriz, behetik gora indar handiz dator eta, askoren ustez, bera izango da aurten maila nagusian kokatuko direnetako bat.

Guztietan eskarmenturik gehien Lasak dauka, baina azkeneko urte hauetan arazo fisiko dezente izan ditu. Alabaina, badirudi oraingoan sasoiko dagoela eta oso kontuan hartu beharrekoa izango da Legorretako aizkolaria.

Harri-jasotzea

Bihar Doneztebera joaten direnek, ordea, ez dute aizkora bakarrik ikusiko, Kintopekoen Euskal Herriko Harri-jasotze Txapelketa ere jokatuko baita. Bertan, Otaegi, Oiarbide eta Goenatxo III.a neurtuko dira.

Hiru gazte hauek honako lan hau egin beharko dute: 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko harri kubikoa erabili beharko dituzte, eta bakoitzarekin aritzeko, hiruna minutuko txandak izango dituzte. Bi ikuskizun hauek ikusi nahi dituenak 10 eurotan izango du sarrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo