GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martin Espainiaratzea ekiditeko mobilizazioa

Aurore Martin militantearen Espainiaratzea geldiarazteko «modu bakarra mobilizatzea» dela berretsi zuten atzo Baionan. Egoeraren «larritasuna» nabarmenduta, larunbatean Baionan izango den manifestazioan parte hartzera deitu zituzten herritarrak, «bereziki» hautetsiak.

p012_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Frantziak ez du, orain artean, bere lurraldeko herritarrak euroagindupean Espainiaratzeko atea ireki, baina ezta gakotu ere», nabarmendu zuen, atzo, Baionan, Xabi Larraldek Aurore Martinen egoeraren larritasuna adierazita.

Larunbatean agerraldia egin zuten eragile politiko eta sozial gehienak bertan zirela, «Aurore Martin Madrilera entregatua izan ez dadin, modu bakarra karrikan mobilizatzea» dela berretsi zuen Muriel Lucantis Askatasuneko ordezkariak.

Hala, dei berezia egin zuen datorren larunbatean arratsaldeko lauretan Baionan izango den manifestazioan parte hartzeko: «Hasieran 27rako deitua genuen, baina auzitegiak deliberoa azaroaren 23an emango duenez, aitzinatu beharrean aurkitu gara».

Kasu honetan, epaitegiak «prozedura oso berezia» daramala gaineratu zuen. Izan ere, hiritartasun frantsesa duen herritar bat euroagindu eskaera batengatik espetxeratzen duten lehen aldia izateaz gain, asteartean beste «berrikuntza» bat jazo zen Askatasunaren ustetan: «Defentsa prestatzearren denbora aski ukaiteko astebeteko epea ematea ez zuen onartu Paueko Auzitegiak. Defentsa eskubidea trabatzeaz gain, presa dutela adierazten du horrek, eta, gure ustetan, hori seinale oso txarra da», azaldu zuen, ezohiko jokamoldeak eragiten dien kezka ezkutatu ezinik.

Prozedura ahalik eta azkarren bukatzeko beste arrazoia «herritarren eta eragile politikoen, sindikalen, sozialen eta hautetsien mobilizazioa ekiditea» litzateke Lucantisen esanetan.

Aurrekaria Estatu frantsesean

Asteartean baldintza zorrotzen pean aske geratu zen Martin Auzitegi Nazionalaren esku jarriko balute, «aurrekari oso larria» izango litzatekeela gogoratu zuen Larraldek: «Jarduera politikoagatik entregatua izango litzatekeen hiritartasun frantseseko lehen herritarra izango zen bai Ipar Euskal Herrian bai Estatu osoan ere. Hortaz, aurrerantzean edozein militante, sindikalista edo ekintzaile, baita hautetsi edo kazetari ere -Udalbiltza eta Egunkariaren kasuak lekuko-, bide beretik entregatua izateko aukera legoke».

Bigarren ondorio bat ere agertu zuen: «Auroren entrega egikarituko balitz, Hego Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoei dagokionean bizi den salbuespen egoera Ipar Euskal Herrira ere hedatuko litzateke. Hori, gatazka konpontzeko bide bat abiatzen ari den honetan, are eta larriagoa izango litzateke».

Jean-Jacques Lasserre (MoDem) Ipar Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko lehendakariak Hego Euskal Herrian sumatzen hasi den «barealdia» arretaz jarraitzen duela esan zuen. Martinen kontrako euroagindu eskaera bezalako ekimenak giro hori finkatzeko ez direla batere «lagungarri» ere gaineratu zuen.

PSko Akitaniako kontseilari Frantxua Maitiak, berriz, ez dagoela «oso kezkatua» adierazi zuen: «Frantziako justiziak ez du euroagindurik onartzen mota horretako gaiengatik, eta, horrenbestez, lasai nago».

AB, Batasuna, Generation Ecologie-Berdeak, EA eta NPA alderdiak; LAB, ELB eta Sud-Solidaires sindikatuak; eta Anai Artea, Segi, EHZ, CDDHPB eta LDH ez dira iritzi berekoak. Ezta Parisi Aurore Martinen kontrako euroagindua ez onartzeko eskatu dioten hautetsiak ere; tartean, hiru eurodiputatu, Jean Lassalle diputatua, Kotte Ezenarro (PS) eta Alain Iriart (abertzalea) kontseilari nagusiak, Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria, 21 auzapez eta 75 zinegotzi.

Guztiak prozedura horiek salatzen dituen agiriarekin bat egin dute eta gizarteari eta «hautetsiei bereziki» neurri horren kontra agertzea eta mobilizatzeko dei egin diete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo