Paul Bilbao Sarria Kontseiluko idazkari nagusia
Euskararen Unibertsoak pauso bat harago
Bai Euskarari ideiak euskararekiko aldekotasuna sustatu du, baina ez dugu lortu aldekotasun hori konpromiso praktikoetara bideratzea alde daudenen kasu guztietan Euskararen Unibertsoak pauso bat harago egiteko hausnarketa konpartitu nahi du Kontseiluak. Bidaia kolektibo bateko partaide garela sentitu behar dugu
Kontseilua 1997ko martxoan, Donostian egindako Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldien ondoren eta bertan bildutakoen eraginez, sortu zen. Garai hartan ere, orain bezalaxe, euskararen normalizazioaren azterketa egin ondoren, kezka nagusitu zen euskaltzaleen artean. Horrexegatik, euskararen garapenaren egoeraz kezkaturik eta euskal kulturgintzak bizi zuen sakabanaketari aurre egiteko asmoz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eratzea erabaki zen. Hartara, Kontseiluaren eginkizun nagusiak euskalgintzaren ahotsa izan eta eragin soziala bideratzea ezarri ziren, bai eta euskalgintzaren proiektu eta auzi nagusiak aztertu zein burutzea ere.
Hamabi urte luze igaro dira ordutik, eta Kontseiluak hainbat proiektu eta ekimen jarri ditu abian helburu hori lortzeari begira: Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Ziurtagiriaren Elkartea, Euskaraz Bai Dinamika Herrietan, Udalerrien Hizkuntza-politiken neurketa, Hizkuntza-politiken azterketa eta abar. Halaber, beharrezkoa izan denean, Kontseiluak gizartea aktibatu izan du gure hizkuntzari egindako erasoen aurrean. Zalantzarik ez urte oparoak izan direla; hala ere, nahikoa ez dela ohartu gara. 12 urteotan gauzak asko aldatu dira, bai eta gizartean bertan ere; eta ondorioz, egungo errealitatea oinarritzat hartuta, pauso bat harago egiteko beharraz jabetu gara.
Lehenik eta behin, gogoratu behar dugu hizkuntzaren normalizazioa prozesu konpartitua dela. Euskalgintzak, eragile soziopolitikoek zein sindikalek, instituzioek... bai eta norbanakoek ere parte hartzen dute prozesu horretan eta horietan guztietan eragiteko tresnak jarri behar ditugu abian. Horrela, jakin dakigu euskalgintza sektore askok osatzen dutela, eta ezinbestean jakin behar dugu sektore bakoitzaren egoera aurrera begirako estrategia definituko badugu. Bakoitzak bere zeregin espezifikoari helduz, bakoitzak normalizazio-prozesuan dagokion ardurari eutsiz eta denbora-faktoreak duen garrantziaz jabeturik, datozen urteotan bultza egin behar dugu normalizaziora eramango gaituzten baldintza sozialak, politikoak, ekonomikoak eta juridikoak lortzeko. Horrexegatik, lau ardatz horietan oinarritutako sektoreen egungo diagnostikoa nahitaezkoa zaigu etorkizuna diseinatu ahal izateko.
Azken urteotan, Bai Euskarari ideiak euskararekiko aldekotasuna sustatu du, baina ez dugu lortu aldekotasun hori konpromiso praktikoetara bideratzea alde daudenen kasu guztietan. Esan liteke gizartearen gehiengoak konpartitzen duen ideia dela, baina ideia horrek herritar bakoitzari iradokitzen diona desberdina den neurrian, ez digu balio orain normalizazioa bizkortzeko. Hortaz, mezuak ere egokitu beharraz hausnartu beharko genuke, are gehiago euskararen normalizazioaren aldekoago izango diren jarrerak lortuko baditugu.
Euskararen alde egoteko eta egiteko euskara ikasi eta erabili behar dela helarazi behar diegu norbanakoei, euskarari gizarte-espazioak eskaini behar zaizkiola ulertarazi behar zaie gizarte-eragileei eta hizkuntza-politika berri eta eragingarria behar dugula jakinarazi behar diegu eragile politiko zein instituzionalei. Eta noski, horrek guztiak estrategia berriak sortzera garamatza.
Bestalde, hori guztia zuzen komunikatzeko gai izan behar dugu, geure xede-taldeak definitu behar ditugu. Marketing instituzionalaren ondorioz, dena ondo doala azpimarratu dute, hizkuntza-politikek dituzten hutsuneak ezkutatzeko xedez erabili da marketing hori. Kontseiluak Euskal Herrian aplikatzen diren hizkuntza-politiken azterketa sakona amaitu berri du, eta aurrera dezakegu badela garaia hizkuntza-politikaz esaten ez denaz ere hausnartzeko. Hausnarketa horrek egia deseroso bat ezagutzera eramango gaitu, ezagutu beharrekoa, hala ere, aurrera egingo badugu.
Arestian aipatutako elementu guztiak eta gehiago izango ditugu hausnargai azaroaren 24an eta 25ean Iruñean. Euskararen Unibertsoak pauso bat harago egiteko hausnarketa konpartitu nahi du Kontseiluak. Bidaia kolektibo bateko partaide garela sentitu behar dugu. Dudarik gabe, zeregin horrek gure trebezia guztia eskatuko digu, baina erabat ziur gaude asmatuko dugula eraginkortasunez aurrera egiteko bidearekin. Eta Euskararen Unibertsoa aztertzeko, zer egokiago Iruñeko Planetariuma baino?