Autodefentsa feminista hautatu du BFk indarkeria patriarkala amaiarazteko
Azaroaren 25aren bezperan, kritiko agertu da Bilgune Feminista (BF) instituzioek indarkeria patriarkala amaiarazteko hautatu duten bidearekin. Horren aurrean, subjektu aktibo bilakatzeko eta autodefentsa feminista praktikara eramateko deia egin diete emakumeei.
Oihana LLORENTE |
Bihar ospatuko den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela-eta, zenbatezinak dira indarkeria patriarkalaren aurka aurkeztutako ekimenak, horietako asko gainera, instituzioek beraiek bultzatuta. Euskal Herriko Bilgune Feminista «nekatu» da erakundeen «itxurakeriaz» eta horiek martxan jarritako neurri urriez, eta nork bere gaitasunak landuz indarkeria patriarkalari aurre egiteko deia egin die emakumeei.
Autodefentsa feminista da herri mugimendu honen aburuz, «indarkeriaren erroetara jo eta bera amaiarazteko beharrezkoa den jokabide, jarrera eta tresna multzoa». Zehazki, emakumeen arteko elkartasuna eta antolakuntza jo zituzten autodefentsaren oinarri gisa eta, indarra, babesa, autoestimua eta konfiantza, berriz, haren bidelagun. Era ulergarriagoan azalduta, emakumeek bizi duten errealitatearen aurrean hartzen duten jarrera izan daiteke autodefentsa feminista, Miren Aranguren Bilgune Feministako eledunak komunikabideen aurrean nabarmendu zuenez.
Instituzioek eta komunikabideek, indarkeria mota honen kontra aritzen direnean, emakumeak «soilik biktima gisa» tratatzen dituztela deitoratu zuten prentsaurrekoan. Trataera horrek, gainera, «indarkeriaren izate osoa ezkutatzen» duela deritzote, bai eta emakumeek euren burua defendatzen duen gaitasuna oztopatzen duela ere.
Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruan oso kezkatuta agertu ziren Bilgune Feministako kideak. Izan ere, bizi dugun krisi egoeraren ondorioz, indarkeria hori haz litekeen beldur dira. Baliabide ekonomikoen urritasunak eta instituzioetatik bideratutako zerbitzu eta laguntzen murrizketak indarkeria mota honekin harreman zuzena dutelakoan dira Bilgune Feministako kideak.
Horrez gain, lanpostuetan prekarietatearen eraginez sortutako presioen, indibidualismoaren zein lehiaren ondorioz, lan jazarpenek ere gora egin lezaketela aipatu zuten.
Arangurenen iritziz, egoera «benetan larria da», eta indarkeria egiturazkoa dela argudiatuta, egiturazko erantzunak galdegin zituen.
Indarkeria patriarkala ekiditeko prebentzioak garrantzi berezia duela nabarmendu zuten Donostian eta, era berean, berdintasun erreal baten alde eskoletan lan handia egin behar dela oroitarazi zuten.
Tortura sexista
Aurten indarkeria patriarkalak hildako sei euskal herritarrak gogoan izan zituzten eta, horrekin batera, azken hilabeteetan atxilotutako emakumeak salatutako tortura sexistak ere deitoratu zituzten agerraldian.
Emakume andana bildu zen Donostian «Autodefentsa feminista: aldarria eta jarduna» lelopean herri ugaritan antolatutako mobilizazioak aurkezteko. Azaroaren 25ari begira, Bilgune Feministak ateratako kartelez gain, «gauak eta kaleak» emakumeenak ere badirela aldarrikatzen zuten argazkiak ikus zitezkeen.
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, bihar Euskal Herriko txoko ugaritan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.
Urriaren 25ean urtea bete zen Nora desagertu zenetik. Aurrez, ordea, tratu txarrak jasaten zituela salatu zuen jatorri marokoarra duen emakume gasteiztarrak. Agerraldian Nora non dagoen itaundu zuten.