Jardunaldi bateratuaren aukerak ezinezkoa dirudi
GARA | IRUÑEA
Gauza jakina da, gaur egungo kirol profesionalean, telebista eta marketin arrazoiak kirol ikuspuntuaren gainetik egoten direla. Pilota ez da salbuespen bat eta, hala, asteburu honetan Juan Martinez de Irujok finalerako aurkaria hautatzeko aukera izan dezake, iaz gertatu zen bezala. Arazo honek konponbide erraza izan lezake, asteburuko azken bi partidak ordu eta egun berean jokatuta, baina aukera horrek, gaur egun ezinezkoa dirudi.
Larunbatean Labriten gertatzen dena gertatzen dela, Abel Barriolak eta Titinek igandeko Eibarko partidaren emaitzaren zain egon beharko dute finalean diren jakiteko, eta biek ala biek atzo adierazi zutenez, eurentzat jardunaldi bateratuarena askoz hobea izango litzateke. «Noski askoz hobea litzatekeela, baina ezinezkoa dela ondo dakigunez, ez dugu ezer esaten», adierazi zuen jarrera ulerkorrez Abel Barriolak.
Gauzak horrela, kalkulagailuen astean aurkitzen gara; bai Leitzakoak eta bai Titinek irabaztea beste aukerarik ez darabilte buruan, nahiz eta atzelariaren kasuan baden, larunbatean galduta ere, finalera eramango lukeen konbinaziorik.
Partida horri begira, Barriolak oso argi dauka gauzak ez dituela batere erraz izango. «Bere tranpan, nolabait esatearren, sartzen zaituenean oso pilotari arriskutsua da Titin. Sake-errematea oso ondo aprobetxatzen du aurreko koadroetan nahastu eta ezker eskuin mugiarazteko. Hori ez da nire gustuko jokoa, nirera eramaten saiatuko naiz, hau da, luze piloteatu, aukera dudanean tantoa amaitu eta sakearekin mina egiten saiatu».
Gainera, azken urteetan baino hobeto ikusten du errioxarra. «Augustok bi partidak galdu ditu, baino biak irabazteko aukera garbiak izan eta gero. Azken urteetan baino hobeto ikusi dut gainera eta sasoian dagoen pilotaria da», gaineratu zuen.