GARA > Idatzia > Kultura

Orain sei urte mututu eta soinu propioaren peskizan ibili ostean, Split 77-k boza berreskuratu du

«Mentura» lanaz geroztik itzaletan ibili da Split 77 talde bizkaitarra. Bateria jotzaile berriaren bila lehenik, eta ahots propioaren bila gero, berriro laukote bihurtua. Lortu omen dute, eta plazara dakarte, Noizpop-en.

p041_f01_148x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Plazara begira sei urteko isilunea izan dugu; ez, ordea, talde barneko lanean», adierazi zuen atzo Izkandar Rementeria Split 77 taldeko teklatu jotzaileak, bizkaitar laukoteak hirugarren lana aurkeztu baitzigun Bilbon.

«Badira lau urte aurreko bateria jotzailea taldetik joan zela, eta geroztik lau musikarirekin ibili gara lanean», aitortu zuen Aritz Aranburu gitarra jotzaile eta abeslariak. Deibol Rodriguez aurkitu eta berriro laukotea osatu zuten arte. Ordurako aurreratu samar zituzten lanak zokoratu eta zerotik hastea deliberatu zuen orduan taldeak, orain plazara agertu zaigun disko distiratsuan murgiltzeko.

Split 77 laukotearen lan berria homonimoa da, talde bizkaitarraren «soinu propioa» agertzen baitu, eta Fermin Etxegoien musika kazetariaren esanetan, «euskal hiria gauez» ere bai.

Taldekideek diotenez, «Antenna» (2002) lehen lana ikasketa izan zuten, oraindik zuzenean jotzen dituzten pare bat abesti on agertu, eta konfiantza falta freskotasunarekin ordezkatu zuena -Gazteako Joseina Etxeberriak euskal habitaterako ultramodernotzat jo zuen-. Bigarrenarekin berriz, «Mentura» (2004) ate ugari zabaldu eta lokala musika tresnaz bete zuen taldeak, «kantuak egiteko edozein baliabide balekoa dela erakusteko».

Hirugarren honekin (2010) «heterogeneotasuna lortu dugu; kantuak aislatu eta bakoitzari beharrezkoak zituen baliabideak emanda, lana intuitiboki burutuz», Aranburu eta Rementeriaren hitzek argitu zutenez.

Ahots propioa

«Bi zati ditu lanak, bata rockera lerratua eta bestea elektronikara», dio Aranburuk, «eta ez da modernoa, guk egin nahi izan dugun diskoa baino». «Ez dugu ezer galtzeko, eta gure burua aztertu, onartu eta gure hizkuntza propioa aurkitzen saiatu gara». «Split 77» hamar kantuz osatzen da, horietatik bi, Rementeriak kantatuak, ingelesez.

Lamiak estudioetan eta Jose Lastraren laguntzarekin grabatu dute lana, denbora hartuta. Eta diseinu zurrun dotorea, Igor Zorrotzua lagunak egin die -bideoklipaz ere arduratu da-. Kasik auzolanean egina, Gotzon Uribek zuzentzen duen Noizpop zigiluak plazaratu du, beste behin, taldeak zuzenekoetan salduko duen «Split 77» lan homonimoa.

Aritz Aranburu (gitarra eta ahotsa), Izkandar Rementeria (teklatuak), Ekaitz Hernandez (baxua -musikari trebe, Txuma Murugarren ere laguntzen du zuzenean-) eta Deibol Rodriguez Bilboko Kafe Antzokian izango dira etzi berriro, honakoan oholtza zapaldu eta diskoetan baino rockeroagoa begitantzen zaigun zuzeneko indartsua emateko, Lloque taldearekin batera. Abenduaren 10ean eta Durangoko Plateruenan berriz, Seiurte izango dute lagun.

ESTETIKA FINA

Proposamen estetikoa, entzumenari zein ikusmenari dagokionez, kontu handiz zaintzen duen taldea da Split 77, Noizpop zigiluak eta Igor Zorrotzuaren diseinuarekin argitaratu berri duen lanean ikus daitekeenez.

Fitxa

Taldea: Split 77.

Lana: Homonimoa.

Zigilua: Noizpop.

Zuzenean: Etzi, 21.30ean Kafe Antzokian (Bilbo) + Lloque.

5 euro (10 euro diskoarekin).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo