Etxepare Institutuak Internet baliatuko du «Euskara mundiala» kanpainarekin euskara sustatzeko
Etxepare Euskal Institutuak bere lehenengo kanpaina abiatu du. «Euskara mundiala» lelopean, «momentu batez euskaldun izateko aukera» eskaini nahi die, Internet bidez, munduko biztanle guztiei.
Ane ARRUTI | BILBO
Internet edo «euskararen zortzigarren probintzia» baliatuko du Etxepare Institutuak bere lehenengo kanpainarako. «Euskara mundiala» lema aukeratu du horretarako, eta euskara munduko txoko guztietara hedatzea du helburu. «Euskara gogoko dugulako eta mundutarra delako», azaldu zuen atzo Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak, «ezin dugu gure kultura zabaldu jendeak ez badu ezagutzen hizkuntza bat daukagula».
www.euskaramundiala.net atarira sartzeko gonbita luzatzen du kanpainak. Bertan, euskarazko hitzak, esaldiak, aho-korapiloak edota esaera zaharrak topatuko ditugu. Gustukoena aukeratu, eta nahi adina aldiz entzuteko aukera izango da. Esan beharrekoa ikasitakoan, grabatzeko botoia sakatu eta bertan eskegita geldituko da bideoa. «Jendeari euskararekiko jakin-mina sorrarazi nahi diogu», esan zuen Goenagak. «Euskara entzuteaz gain, parte hartzea bultzatu nahi dugu».
Webgunea bera lau hizkuntzetan prestatu dute, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Baina hitzak eta esaldiak berrogei hizkuntzatan azpititulatuak ageri dira. Bertan dauden hitzez gain, bakoitzak nahi duena esateko aukera ere izango duela adierazi zuten, eta 24 ordutan, esan nahi duen horren itzulpena jasoko duela, euskaraz esan ahal izateko.
Euskara bizirik dagoen zerbait dela eta, horrexegatik, atari hau ere eraberrituz joango dela azaldu zuten.