GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako Aurresku Txapelketan lehia eta omenaldiak elkartuko dira

GARA | DONOSTIA

Datorren larunbatean, Pasai Donibaneko kiroldegian XXX. Gipuzkoako Aurresku Txapelketa jokatuko da, arratsaldeko zazpietan.

Izen-emate epea iragandako azaroaren 12an amaitu zen, eta hala, zortzi mutilek hartuko dute parte aurten. Bakoitza Gipuzkoako herri bateko ordezkaria izango da, eta besteak beste, Lezo, Tolosa eta Errenteriako kideak izango dira dantzalekuan.

Dantzariek hainbat proba egin beharko dituzte lehiaketan, hala nola: Euskal Dantza Biltzarrak prestatu duen koreografia dantzatu beharko dute, ondoren «Eskua aldatzeko soinua» (Alpargata) izenekoa, non dantzariak banan-banan sokatik irtengo diren; «Kontrapasa» (Agurra), dantzariak neskari dantzatuko diona eta doinu ezberdinak joko direnekoa; bestetik, «Aurkez aurke» (Desafioa), non lehiakideek binaka egingo duten dantza, eta, azkenik, «Zortzikoa». Azken hau interpretazio librekoa izango da eta zortziko baten egitura izan beharko du: sei konpas dantzatuak, azkeneko biak itxiera emateko utziaz.

Txapelketako irabazleak Tomas Murua trofeoa, sari nagusia eskuratuko du. Hala ere, irabazlearen herriko udaletxean gordeko dute saria, hurrengo ediziora arte. Txapeldunari berari urrezko domina, Kutxaren trofeoa, Pasaiako Udalaren trofeoa, Dantzarien Federazioaren trofeoa, txapela, gerrikoa eta 400 euro emango dizkiote. Bigarren eta hirugarren postua irabazten duten dantzarientzat ere gorde dira sariak, diru kopuru jakin bat eta zilarrezko eta brontzezko dominak banatuko dizkiete.

Lehiaketaz beste

Lehiaketatik kanpo ere beste ekintza bat antolatu nahi izan dute. Izan ere, aurtengoa txapelketaren 30. edizioa izango da, eta hori dela-eta, orain arteko txapeldun izandako guztiak omenduko dituzte, Alkarkide sariaren bidez. Omenaldi horren barruan aipamen berezia izango du txapelketaren 2. edizioko irabazlea izan zen Xabier Mendizabal Gilisagastik, aurten hil baita. Omenaldi berezia egin nahi izan diote, eta berari eskainiriko Alkarkide saria bere alargunak jasoko du.

Azkenik, dantza txapelketatik kanpo ere beste emanaldi bat izango da igandean Pasai Donibaneko kiroldegian, 17.30ean. Oraingoan ukrainar haur talde batek dantza emanaldia eskainiko du. Les Joyeux Petits Souliers antolakundeari esker izango da talde hori Pasaian.

Les Joyeux Petits Souliers gizarte laguntzako antolakunde frantsesa da eta boluntarioen bidez, Lviv hiriko ospitaleen eta umezurtz-etxeen oinarrizko beharrak babesten dituen proiektuak aurrera ematen ditu.

Urtero, maiatzean eta azaroan, 35 haurrek Frantzian zehar hainbat dantza emanaldi egiten dituzte dirua eskuratze aldera, aipatutako ekintzak bultzatzeko asmoz. Sarreren salmenta bidez lortzen dute diru hori. Igandeko emanaldirako sarrerak 10 euroko salneurria du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo