Paul Auster-en «Sunsent Park» azken nobela euskaraz eta gaztelaniaz batera argitaratu da
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Alberdania argitaletxeko editore Inazio Mugikak atzo iragarri zuenez, Paul Austerren «Sunset Park» liburu berriaren euskarazko eta gaztelerazko edizioak aldi berean argitaratzea lortu du Alberdaniak Austerren beraren laguntzari esker.
Hala, Paul Auster idazle estatubatuarrak ingeleseko bertsioa zuzenean bidali zion Oscar Arana itzultzaileari. Lehenago ere itzuliak zituen Austerren lanak -`Ikusezin' (2009) edo `Gizona ilunpean' (2008), esaterako- eta azken hau bosgarrena du. «Ahalegin berezia eskatu dit honek», esan zuen Mugikak, «baina eskertzekoa da autoreari erraztasun horiek eman izanagatik».
Nobela berri honetan idazlearen obsesio guztiak agertzen direla azaldu zuen itzultzaileak; hala nola halabeharra, errua, barkamena edota tragedia eta, aldi berean, egungo krisi ekonomikoa. Izan ere, estatubatuarrak bere inguruan bizi eta ikusten duena islatzen du bere proiektu bakoitzean. «Oso Paul Auster da liburua, oso berea, baina egiturari dagokionez aurrekoa -`Ikusezin'- baino nahasiagoa da», azaldu zuen Mujikak.
Hainbat pertsonaia agertzen dira «Sunset Park»-en. Denak ezberdinak dira, gazteak, eta bakoitzak bere tragedia motxilatxoa du. Hala ere, espazio bakar batean kokatzen ditu denak: Sunset Park auzo txiroko landa etxe abandonatuan okupa moduan.
Protagonistak gurasoen etxea uztera behartuta ikusiko du bere burua bere anaiordea borroka batean nahi gabe hil ondoren. Hala, Floridara ihes egingo du eta bertan debekatutako maitasun harreman bat bizi ondoren, azkenean Sunset Parkera joko du bere aspaldiko ikaskide batek gidatuta, gazte talde horretako buruzagiak gonbidatuta.
Pertsonaia ugari agertzen direnez, narratzailea ere askotan aldatzen du Austerrek: egunkari baten egitura narrazio kontaketarekin nahasten du, gero bigarren pertsonan kontatzen du, hurrena lehenengo pertsonan... Horrek zailtasunak gehitu dizkio itzulpenari, baina Aranak argitu zuenez, «birtuosismoz» egiten du, dena errazagoa eta ulergarriagoa eginez. Kontakizunarekin eta pertsonaiak enfokatzeko moduarekin jolas egiten du. «Kontakizuna nola zatikatzen duen gustatu zait», azaldu zuen Aranak. Baina bere betiko idazteko modua ere hor dago kontaketan.
Hala ere, Interneteko hainbat web orrietan tragedia txiki gehiegi azaltzen direla esan da liburuaren gainean. Aranaren ustez, ordea, «hala ez balitz, ez litzateke Auster izango».