Ipar Euskal Herriko sorkuntzak, entzungai eta ikusgai Durangon
Aurten ere Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako argitaletxe eta diskoetxeek gune berezia izanen dute Durangoko Liburu eta Disko Azokan. Bertan, abenduaren 4tik 8ra, azkenaldian kaleratu diren berrikuntzak ikusgai eta entzungai izanen dira.Ainize BUTRON | BAIONA
«Euskal sorkuntzaren ispilu» den Durangoko Azokan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan azken hilabeteetan kaleratu diren disko eta liburu berriek gune berezia izanen dute, berriz ere, aurki hasiko den 45. edizioan. Azokan aurkeztuak izango diren bostehun bat berrikuntzetatik, 27 Ipar Euskal Herrikoan ekoiztutakoak izanen dira. Horrenbestez, bost disko eta hemezortzi liburu berri dira orotara. Eta horiek, «argiago agertu» nahian, azken urteotan egin bezala, erakusmahai berean batera jarriko dituzte. Gatuzain, Euskaltzaleen Biltzarra, Ikas, Maiatz, Agorila eta ZTK (Zimako Talde Koordinakuntza) elkarteak izanen dira ordezkatuak bertan, besteak beste.
Liburuei dagokienez, hauek dira nobedadeak: Ikas euskal pedagogia zerbitzuaren «Ami-ami», «Axuri bihurria» eta «Harri eltzekaria» haurrentzako liburuak; Maiatz argitaletxearen Pantzo Hirigarai antzerkilariaren «Poto», Gatuzainek kaleratu «Patxa. Besta bai, borroka ere bai» eta Elkarren aldetik, berriki argitaraturiko Beatrice Urruspilen «Gizaki bakartiak» eta Franck Dolosor kazetariak idatziriko «Matxin Irabola Senpereko bertsularia» liburua.
Diskoetan, ZTK elkarteari dagokionez, Maddi Oihenart eta Mixel Arotzek grabaturiko «Arbaila» diskoa eta, Mixel Etxekopar kantaria eta François Rossemusikaria elkartzen dituen «Transhumantzia» lana ezagutzera emanen ditu. Elkar disko eta liburu argitaletxeak, berriz, Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarraren «Han eta hor», eta, azkenik, Agorilak Patxi eta Konpainia taldearen «Euskal urratsak» salduko dituzte. Azken horiek Elkar liburudendaren erakusmahaian izango dira.
Mahaian azaltzearekin batera liburu eta disko batzuen aurkezpen publikoak izanen dira Azokan bertan. Disko aurkezpenak dantzaldi edo kontzertuen bidez eginen dira. Patxi eta Konpainia taldeak irekiko du Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako berrikuntzen azalpenen txanda, azaroaren 5ean Plateruena kafe antzokian dantzaldi bat eskainiz.
Horren ostean, Euskaltzaleen Biltzarrak «Pierre Narbaitz.Antologia» eta «Iraupenean etorkizuna» liburuen azalpena eginen du. Horrekin batera, Pantzo Hirigarai, Eneko Bidegain eta Gabi Oyarzabal «Aingeruekin solasean» liburuarekin Ahotsenea sortzaileen gunean izango dira. Beste kontzertuen artean, abenduaren 7an, Plateruenan, Beñat Achiary, Michel Queheille eta Julen Achiaryrekin batera ikusi ahalko da, bai eta Michel Etxekopar François Rosse musikariarekin batera ere.
Pantxo Etxegoin, ekimen horren bultzatzailea den Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, Euskal Liburu eta Disko Azokan parte hartuko duten argitaletxe eta diskoetxeez inguraturik, gertakari horren «garrantzia» nabarmendu zuen atzo.