«Gazteok askapen prozesuaren bermatzaile izan behar dugu»
Oihana LLORENTE |
Elkarrizketa hasi aurretik, bere antzera Euskal Herriaren alde lan egitearren kolpatuak izan diren gazteei «besarkada handi bat» bidali nahi izan die bergarar honek lerro hauetatik.
Azken hamabi hilabeteetan berrogeita hamar gazte baino gehiago atxilotu ditu Polizia espainolak. Zergatik zaudete errepresioaren jomugan?
Espainiako zein Frantziako gobernu faxistek, beraien epaile eta kolaboratzaile zintzoenen babespean, euskal gazteria akabatzeko apustu garbia egin dute. Euskal Herriko askapen mugimendua amaitzea nahi dute, Euskal Herrian sinesten dugunok desagertzea, eta horretarako gazteriaren ilusio eta borrokarako grina ezabatu nahi dituzte.
Euskal gazteriak bizi duen errepresio basatiak milaka aurpegi ditu, eta era sistematikoan aplikatzen zaio antolatzen den edozein gazteri: etengabeko jarraipenak, mehatxuak, kolaborazio eskaerak, atxiloketak, inkomunikazioa, tortura, espetxeratzeak... Euskal Herrian ehunka gazte gara muturreko egoerak bizi ditugunak: muga inposatuen bi aldeetan gatibu daudenak, epaitegira sinatzera joan behar dutenak, frogarik gabe sei urteko espetxe zigorrera kondenatuak izan direnak, zerrenda beltzetan daudenak, polizia operazioetan etsaiaren atzaparretatik ihes egitea lortu dugunak.
Nola eragiten du errepresio horrek aurrera eraman nahi duzuen Gazte Proiektu Independentistan?
Gazteok independentzia eta sozialismoa eraikitzeko egiten dugu lan. Egunez egun, emakume taldeetan, ikasle asanbladetan, gaztetxeetan edota lantegietan. Sistema kapitalista patriarkalaren aurka eta estatuen inposizioen aurka egiten dugu, bestelako eredu bat eraikiz. Errepresioak, ordea, lan honen gauzapenean bi eratara baldintzatzen gaitu: batetik, proiektuaren eraikuntzan gabiltzan gazteon kontra egiten du proiektua bera kolpatuz; eta argi eduki behar dugu proiektua bera kolpatzea dela etsaiaren helburu nagusia. Bestetik, errepresio bortitz honek, etengabeko eraso-erantzun dinamika batean sartzen gaitu, eta proiektuaren eraikuntzan oztopo bat da hori. Ondorio hauei beste batzuk gehitu behar zaizkie: belaunaldien arteko haustura, gerra psikologikoaren ondoriozko beldurraren hedatzea...
Dena den, kontrako eragina ere badauka. Ehunka gazte gara kolpatuak izan garenak, eta herrietan gure lana publikoa izanik, asko izan dira erasoen aurrean gure lana babestera irten diren gazte eta herritarrak. Gure proiektua berresteko, hura indartzeko ariketa bihurtzen da askotan erantzuna.
Atxiloketak, gazteen kontrako epaiketak... Horrelako egoerei aurre egiterik badago?
Noski baietz. Eraso hauek gelditzea gure helburua izan behar da, baina horretarako erasoen aurretik etsaiari gaindiezina egingo zaion babesa lortzea ezinbestekoa da. Etsaiak gu kolpatzen jarraitzeko asmo osoa dauka, eta ez ditu bere borondatez euskal herritarren aurkako erasoak geldituko. Euskal jendarteak jarri behar dio errepresioari frenoa. «Aski da!» esateko unea iritsi da! Eta nola ez, PNV bezalako alderdi demokratek hobe lukete Madrilen sos batzuk lortzeko negozioetan aritu baino, euskal herritarron eskubideak defendatuko balituzte.
Zein da euskal gazteriaren egoera gaur egun?
Zaila, baina aukerez betea. Zaila, azken urteetan errepresioaz harago, gazteak sistema kapitalista patriarkalaren jo-puntuan ere egon garelako. Gazteria sumiso, akritiko, pasiboa nahi dute, eta hori lortzeko, gazteria manipulatzeko makinaria guztia jarri dute martxan. Kontsumismoaren kultura, edertasunaren kanonen ezarpena, askatasun faltsuaren irudikapena, ezkutuko prekarietatea, espainiar zein frantziar identitatea indartzeko kirolaren eta gisakoen erabilera, komunikabide intoxikatzaileak, hezkuntza sistema arrotzak, zibismoa... eta alienaziorako bonbardaketa horrek guztiak, gazte kolektiboan eragina dauka, noski. Baina aukerez betea ere ikusten dut. Euskal gazteria momentu oso garrantzitsuan aurkitzen da. Atzera begiratu eta irakaspenak oinarri hartuz, egun bizi dugun egoera aztertu, eta batez ere, aurrera begira egin beharreko bidea definitzeko unean aurkitzen gara. Euskal gazteriaren kontzientzia astintzeko unea iritsi da, errepresioa gelditzeko momentua, independentziaren eta sozialismoaren norabidean urratsak emateko garaia da, esparru berriak irabazteko momentua da. Euskal gazteriak askatasunarekin amesten du, eta orain, inoiz baino gehiago, borrokarako prest gaude. Irabazteko momentua da beraz, ez daukat zalantzarik!
Zein ekarpen egin behar dio gazteriak askapen prozesuari?
Gazteriak askapen prozesuaren motore izan behar du. Gazteria da edozein herriren oraina zein etorkizuna, eta beraz, gazteok askapen prozesuaren bermatzaile izan behar dugu. Belaunaldiz belaunaldi horrela izan da. Euskal Herriko gazteria, askapen prozesuarekin konprometituta egon izan da beti, baita orain ere. Gazte indarraz, askatasunerako bidea eraikiko dugu.
Egungo egoera politikoari buruz zer uste duzu?
Azken hilabeteetan ezker abertzaleak emandako urratsen ondorioz, Euskal Herrian aukera berriak parez pare zabaltzen ari dira. Ezker abertzaleak iniziatiba berreskuratu eta planteamendu ausartak jarri ditu mahai gainean, eta horrek ilusioa eta aurrera egiteko grina ekarri ditu Euskal Herrira. Orain, zabaldu den bidean urratsak emateko, inoiz baino gehiago, guztiok lan egin behar dugu. Herriz herri eta auzoz auzo, tantaz tanta, Euskal Herriaren askatasunaren alde, geldiezina izango den olatu erraldoia sortzeko borrokatu behar dugu.
24 urte besterik ez ditu, baina erbestea zer den badaki. Urriaren 22ko goizaldean Grande-Marlaska epailearen aginduz hamalau gazte independentistaren atxiloketa ekarri zuen polizia operazioa saihestu ahal izan zuen. Orain, deserritik, «irabazteko unea» delako uste sendoarekin, euskal gazteriaren kontzientzia astintzeko garaia dela defendatu du.
«Ezker abertzaleak zabaldu duen bidean urratsak emateko, inoiz baino gehiago, guztiok lan egin behar dugu»