GARA > Idatzia > Kultura

«Euskarazetamol», barrea eragiteko euskal «dopajea», Bilboko Arriaga antzokian

p057_f01_88x132.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Ez Dok Hiru Bikoteatroak ez du dopina albo batera uzteko asmorik, oraingoz ez behintzat, eta astelehen eta astearte honetan «Euskarazetamol» dosia eskainiko du Bilboko Arriaga antzokian, 20.00etatik aurrera.

Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatutako Bikoteatroak lau urtetik gora daramatza Euskal Herri osoan zehar dopatuz eta dagoeneko 70 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte. «`Dibertimentuak' izenez bataiatu genuen trilogiaren azken alea da hau. `Euskera sencilloaren manifiestoa'rekin hasi ginen eta ondoren `Larru haizetara' etorri zen. `Euskarazetamol' honekin zera erakutsiko dugu: antzerkiaz ideia pitorik ez dugun arren, gutxienez hirura arte kontatzen badakigula», esan zuten.

Euskara «zikina»

Hizkuntzak berebiziko garrantzia hartzen du trilogia honetan. «Euskara tresna bezala hartzen dugu eta gure jokoak egiteko baliatzen dugu. Horregatik dira gure lanak itzuli ezinak. Guztiz ezberdina izan beharko litzateke», esan zuen Martinezek.

«Euskara garbiaren kontrakoa euskara zikina baldin bada, hori da gurea. Euskal antzerkian umore herrikoia edo `kaxeroa' landu izan da orain arte gehienbat. Geurea hiritarragoa da, urbanoagoa», esan zuen Telleriak.

«Euskara tresna bat da baina ez da jorratzen dugun gai bakarra», gaineratu zuen. «Lehenengo antzezlanean, euskaldun berriak ziren protagonista eta euren sufrimenduak eta hanka-sartzeak erakusten genituen. Bigarrenean, berriz, euskara eta sexua landu genituen. Hirugarren honetan, euskal dopajea hartzen dugu oinarrian. Gu biok aktore moduan azaltzen gara taula gainean eta, goian jarraitu ahal izateko, dopatu egin behar gara. Malabarismo linguistiko gehiago landu ditugu, baina noski, dopatuta gaudelako», esan zuten. «Bi aukera genituen: gure talentuaz fidatzea ala dopajeaz baliatzea. Azkenean, zentzu ona gailendu zen, eta pilulak aukeratu genituen. Baina ez kezkatu, kontrolatzen dugu. Guk hau nahi dugunean uzten dugu».

Telleriak idatzitako obra Jokin Oregik zuzentzen du eta Josu Zabalak konposatutako musika, Bingen Mendizabalek, Alex Ruiz de Azuak eta Txoni Larragoitik gauzatu dute.

Bestalde, abenduaren 7an obra berri bat estreinatuko dute Tartean konpainiarekin. Bakarrizketa bat izango dela aurreratu zuten eta Martinezek antzeztuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo