Jon Bollar UEMAko lehendakaria, zuzendaritza batzordearen izenean
Hau ez da Olentzerorentzako gutuna
Euskaraz funtzionatu nahi duen administrazio batean ez-euskaldunak jartzea, ogi zuria egin nahi eta irin beltza erabiltzea bezalakoa da
Demagun Espainiako herri batean Suediako goi mailako abokatu bat hirigintzako zinegotzia dela. Demagun herri horretan bertan Danimarkako kultura ministro ohi bat kulturako zinegotzia dela. Demagun, gainera, Alemaniako eskualde bateko lehendakari ohia alkatea dela. Demagun hirurek euren herrialdeetako jatorrizko hizkuntzaz gain, ingelesa ere badakitela. Demagun euren bileretan, herritarren aurreko ekitaldietan eta bestelako jendaurreko jardunetan ingelesa baino ez dutela erabiltzen. Ba al daki inork zenbateko zalaparta sortuko litzatekeen herritarren artean, prentsan eta, hedaduraz, Espainia osoan? Zergatik baina? Horietako bakoitza nor bere arloan profesional bikaina bada, non dago arazoa?
Logikak dio arazoak asko izango liratekeela: batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk ingelesez aritzearen poderioz, herritarren eta hautetsien arteko harremanak interprete bidez gauzatu beharko lirateke; gaztelaniazko idatzi guztiak ingelesera itzuli beharko lirateke; ekitaldi publikoetan ingelesa erabili edo, bestela, men- deratzen ez duten hizkuntza batean idatzitakoa irakurri beharko lukete, ingelesez mintzatzen diren herritarrak pribilegiodunak izango lirateke... Azken batean, bideragarria izango al litzateke udal hori? Kalitatezko zerbitzua emango al lukete hautetsiek? Herritarrentzat zer izango litzateke udala, arrotzagoa ala gertukoagoa?
Sarrera horretan adierazitakoa alegiazko adibide bat baino gehiago da: udal hauteskundeen ostean udalerri euskaldun batzuetan gertatu denaren karikatura da. Zoritxarrez, Hego Euskal Herriko hauteskunde zerrenda guztiak ezin izango dira bete hautagai euskaldunekin. Posible ote da udalerri euskaldunetako zerrendetakoak behintzat euskaldunak izatea? Gure ustez, posible ez ezik, ezinbestekoa ere bada.
Izan ere, etor gaitezen errealitatera eta jar ditzagun gauzak bere tokian: euskaraz funtzionatu nahi duen administrazio batean ez-euskaldunak jartzea, ogi zuria egin nahi eta irin beltza erabiltzea bezalakoa da. Izan litezke euskaltzaleak (nork ez du ezagutzen erdaldun euskaltzalerik?), izan litezke euskararen aldekoak, izan litezke jatorrak, izan litezke oso profesional onak beren arloan... Suediarra, danimarkarra eta alemaniarra bezain onak izan litezke gauza askotan. Edo hobeak.
Baina gabeziak izango dituzte oinarrizko kontuetan: ezin izango diete zerbitzu egokirik eman herritarrei. Zerbitzua eta hizkuntza banaezinak direlako: udalak ez duelako ematen zerbitzurik hizkuntzarik ez duenik, eta zerbitzua ezin litekeelako egokia izan herritarrak aukeratu ez duen hizkuntza batean emanez gero.
Eguneroko funtzionamenduaz harago, badira traba gehiago: hautetsi ez-euskaldunek ez liokete euskarari prestigiorik emango, ez lukete nahikoa legitimitaterik izango euskararen normalizazioan neurri aurrerakoiak hartzeko, ez lirateke eredugarriak izango... Hitz bitan, euskararen normalizazioan traba izango lirateke. Administrazioaren aurrean euskaraz bizitzea errealitate izatetik alda- rrikapen izatera pasatuko litzateke berriro. Atzera, karramarroak bezala.
Baten batzuek euskararen gainean «oinarrizko kontsentsuak» hizpide dituzten honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu honako hau gogoratzea: EAEko Euskararen Legea onartu zutenean Euskararen Legearen 8.3 artikuluak honako hau zioen: «Herri-aginteek euskara bakarrik erabiltzea erabaki ahal izango dute toki-administrazioaren esparruan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira». Alderdi askok egin zuten bat ideia horrekin. Hor daude hemerotekak. Gai izango dira garai hartako «kontsentsua» hauteskunde zerrendetan islatzeko?
Hau ez da Olentzerorentzako gutuna. Hauek ez dira zintzoak izatearen truke Olentzerori eskatzen dizkiogun opariak. Hau normaltasun karga handia duen eskaera bat da: herri euskaldunetan, hautagai euskaldunak. Jakin badakigu toki jakin batzuetan Hego Euskal Herriko alderdi guztiek eskaera hori bere egin eta hautagai euskaldunak nahita hautatu dituztela. Logikaren eta «kontsentsuaren» izenean, zergatik ez egin gauza bera gutxienez UEMAko udalerri guztietan?