Maite Ubiria Kazetaria
Marisol eta Auroreren herrikide gisa
Marisol, Aurore eta beste hainbat emazteren herrikide soil gisa idatzi nahi diot, egun, irakurle horri. Ahal nuke izen anitz eman. Itziarren sabela emankorra baita. Arrasate aldera begiratuta, Joxeparen begi biziak hantxe ditugu, Udaletxeko kaskoan, dir-dir. Urruñan, Jacqueline bihotz handiko abertzalea du gogoan herriak.
Andaluzian, kartzelan, Teresa adiskide eta laguna. Josu Muguruzaren ondoan zegoen kazetaria, parlamentaria Madrilen hil zuten gau ilun hartan. Bilboko lore eskaintzan, Santi Brouard-en sendia, lagunak, burkideak... baita ETAk eragindako sufrimenduak bihotzean bete-betean jo zituen bertze bi emazte, Rosa eta Cristina.
Heriotzak itzal luzea utzi du baina nor ari da amaiezin bilakatzeko lanean? Paris? Madril? Ez bederen bizitzaren haria bildu eta herriaren arima josi dutenak. Bilduma luzea, oparoa eta sarritan oihartzun apalekoa osatzen duten emazteak.
Auzitegiak ahotsen kartzelak bilakatu dira. Sarritan flash bat edo beste heltzen zaigu, baina eguneroko zurrunbiloak berehala isilarazten du auzia.
«Depuis quand êtes-vous à l'ETA?», galdetu dio jujeak Marisol Iparragirreri Parisen. «Txikitatik», horren erantzuna. Hamalau urte zituen Francok azken fusilatzeak agindu zituenean, eta urte gutxitara, etxean ETAko kideak gordetzeagatik, ama eta anaiarekin batera atxilotu zuten.
Komisaldegian, torturatzaileak xehatu zuen mutilaren gorputza erakutsi zioten argazkitan. Ama atxiki zuen epaileak. Anaia eta bera, karrikara, Madrilen, bakarrik. Beranduago etorriko ziren erbestea, GALen hilketak, amatasuna sasian...
Alta, bizitzaren haria ez da eten. Herriaren taupada ere ez. Maulen sortua, gaztetik ere, abertzalea, hots, militantea da Aurore Martin. Paueko auzitegiak eman ebazpena baieztatzen bada, laster, ekitaldi politiko publikoetan parte hartu izanagatik, 12 urteko kartzela zigorra arriskatzen duen Batasuneko ordezkariari hauxe galdetzen dio espainiar epaileak: «Desde cuándo es usted militante de... ?».
Erantzuna frantsesez emateko gai izan da Marisol; Aurore ez da moldatzen espainolez. Lehenak denbora gehiegi ezkutatuko zauriak erakutsi ditu; besteak, itxaronaldi latz honetan, Euskal Herriaren geroa bakean eta demokrazian eraikitzeko ezker abertzaleak hartu engaiamendua besarkatu du. Irmoki. Eztiki.