Julen MURGOITIO
Harresien Iparra-Hegoa
Lehengoan hemengo zentro teknologikoetan ate irekiko jardunaldia izan zen. Eta zentroon zerrendan begiratzen hasita, Biogune, Nanogune, Energigune, Tourgune... eta horrelako guneak ikusiko ditugu errenkan. Hau kolpea! Beste batzuk Bateragune bat sortu nahi izateagatik segitzen dute gaur preso, zentro teknologiko ez baizik penitentziario batean. Eta horrelako zentroetan ate irekiko jardunaldirik ez! Momentuz. Horietan harresiak nagusi. Bai, gero eta harresi gehiago dira mundu globalizatuan, gero eta nagusiago, gero eta harresiago. Globalizatuak harresiaz alde batera, globalizatzaileak bestera, gehienetan. Txinakoa turismo-gune bihurtu zuten, eta zutik mantendu turisten begien gozamenerako edo; azken batez, harresi horrek, ustez, ez baitu ezer separatzen. Berlingoa, ostera, eraitsi egin zuten di-da batean, separatzen zituen alde bietatik begira zeuden argazki-kameren itomenerako. Beste harresi asko, ordea, separatzeko dira eraikiak, beren beregi. Palestinan izan, Mendebaldeko Saharan izan, Texasen izan... Iparra alde batera, Hegoa bestera, harresia dagoen hemisferioan egonda ere, horrelakoetan Iparra ez baita iparrorratzak seinalatua, burtsetako indizeek markatua baizik.
Ez dakit Korea bien artean harresirik denentz. Baina izan badira Ipar Korea eta Hego Korea, norbaitek noizbait mapa batean marraztutako lerro zuzen baten erruaz. Halako lerroei zuzena esatea ere! Tira, Yemenek ere baditu non edo non Iparra eta Hegoa, bertokoek seguruenik ez jakin arren, eta hor ere liskarrak nagusi, norabide bietan. Hala ere, mundu globalizatu honetan berdintasun-legeak errespetatzen ez direla esateko adibideak izan badira. Horra, kasuko, Dakota edo Karolina; hauek ere badute Iparra eta Hegoa, baina liskarrik ez, errietarik ere ez, itxura batean. Mundu hau benetan parekotasunean oinarritua balitz liskar armatuetan egon beharko lukete Estatu horiek beraiek ere, horrela Estatu Batuek ez lukete zertan beren armamentua kanpoan saldu. Eta zoriontsuagoa izango zen mundua, Iparrean zein Hegoan. Portzierto, urrunera jo gabe, gertu ditugu Ipar eta Hego Euskal Herria ere. Kasu honetan ibaia bihurtu dute harresi, ur-hesi edo. Ea klima politikoaren aldaketak ekarri behar duen uholde batek hesia botata ura ibaian uzten duen, alde bien berezko zubi. Ur irekiko ibaia izan arte, etengabean.