GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Josu Torre 2010/11/25

Alarguntsek

(...) Galarazia ba dirudi ere, hain bogan dagoen biktimen kontu horretan, eskumatik aurrea hartu dute ETAk erail zituzten bi ertzainen alarguntsek. Eredugarria benetan Rosa Rodero eta Cristina Sagarzazuk egin dutena. Denetako iritziak dira baina nirea ematerakoan, Euskal Herri abertzale osoak gehien samar sentitu zituzten heriotzak izan ziran Santi Brouard eta Josu Muguruzarenak. Zirenak zirelako eta eraileak nortzuk ziran eta nork aginduta erail zituztelako. Gogoan dut oraindik Bilbo hiriburu osoan egin zen isiltasuna hain mediku maitea erail eta hurrengo egunean edo nola jasan genuen Madrileko kafetegi batetan eguerdiko argian ze moduz akabatu zuten Errekaldeko parlamentari gaztea eta inguruan zeudenen ikara.

Autokritika edo auzo lotsa, beste biktimek, alegia Estatu indarren edo eskuma muturrekoenen etxekoek ez dutelako eman, oraindik, holako urratsik. Izango da aitzakia edo arrazoi objektibo astunik. Ez du, agian, egoera politikoak horretara bultzatzen baina Goikoetxea eta Doral zirenen alarguntsek bere kabuz joan dira Santiren oroimenera, honen familiarekin ospatzen, Edurne Brouarri abisu soila emanik. Euren kabuz eta borondatez. Keinu txikia akaso baina esanahi izugarriarekin. Badakigu bidea. Horiek egin dutena beste guztiak egitea baino ez da falta. Enegarrenez esango dut, alde batekoak eta bestekoak.

Hain agirian ez bada ere, ez da lehen aldia bi emakume hauek an-tzeko urratsen bat eman dutena. Estimatzekoa benetan, sufrimendu edo galera berdintsua izan duten mordo batek sufrimendu horri errenta politikoa ateratzen saiatu diren bitartean. Bejondeizuela, bestalde, keinu horren benetako neurria edo balioa jakinik, Rosa eta Cristina hain maitekiro, hain abegi onez hartu zituzten, Edurne Brouarrekin batera, Jone Goirizelaia abokatuak eta Gorka Agirre jeltzailearen alarguntsak. Esan gabe joan behar lukeena berriro esanen dut: hori da bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo