Telmo Esnalen «Amona putz!» filmak lan onenaren saria erdietsi du Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran
A. BILBAO | BILBO
Euskal bideogileen artean bilgune garrantzitsua izan ohi da Lekeitio, bertan antolatzen duten Zine eta Bideo bilera dela-eta. Aurten 33. edizioa izan du aitaponteko Benito Ansola zinemazalea duen jaialdiak, eta atzo eman zuten jakitera epaia.
Lekeitioko Zine eta Bideo Bilerak hiru arlotan banatzen ditu filmak, dokumentalak, argumentuzko filmak edo sormenezkoak izan, eta bina sari banatzen ditu arlo bakoitzeko lan profesionalei eta amateurrei.
Dokumental eta erreportajeen atalean, eta amateurrekin hasita, hutsik gelditu zen lehen saria, eta Alberto Bilbao Ariztimuñok “Gazte ahaztuak” filmarekin, alde batetik, eta Natalia Martinek “Firin faran Euskal Herrian” pelikularekin, bestetik, banatu zuten bigarren saria (800 euro eta Antzara). Eta profesionalen artean ere, lehen saria hutsik gelditu denez, Carlos Iglesiasek bigarrena eskuratu zuen, “Slack line: grabitateari erronka” filmarekin (1.100 euro eta Antzara).
Argumentuzko pelikulen atalean, Iban Lizarralderen “Gartzela” lanak irabazi zuen lehen saria amateurretan (1.200 euro eta Antzara). Bigarrena, “Revenge (mendekua)” filmak eskuratu zuen, Andoni Mendizabal eta Kote Camachok eginak (800 euro eta Antzara). Profesionalei dagokionez, berriz, Maialen Sarasuaren “Hemen nago” lanak lehenengo saria irabazi zuen (1.600 eta zilarrezko Antzara), eta Juanjo Elordiren “Gartxot” filmak bigarrena (1.100 euro eta Antzara).
Sormenezkoen arloan, bukatzeko, Andoni Mendizabalen “Mosa” filmak lehenengo saria erdietsi zuen (1.200 euro eta Antzara) amateurren sailean, eta bi lanek jaso zuten bigarren saria. Batetik, Ibai Vigil, Irune Gurtubai eta Miriam Garciaren “Hutsik” lanak, eta bestetik, Unai Hernandezen “Iñakiren aitormenak” filmak (bakoitzarentzat 800 euro eta Antzara bana). Azkenik, profesionalen artean Telmo Esnalen “Amona putz!” izan zen lehenengo saritua (1.600 euro eta zilarrezko Antzara), eta Koldo Almandozen “Ahate pasa”-k jaso du bigarrena (1.100 euro eta Antzara).
Aipatutako sari guztiez gain, epaimahaikideek Txintxetillaren “Esku titi” lanari aipamen berezi bat egin nahi izan zioten, agertzen duen originaltasunagatik. Eta aurkeztutako film guztietan “Amona putz!” hautatu zuen lanik onena.