GARA > Idatzia > Mundua

Presidente berria hautatuko dute haitiarrek, koleraren eta iruzurraren itzalpean

Joan den urtarrileko lurrikarak eta kolerak jadanik zanpatutako herrialdeak bizi duen krisi politikoak ez du etenik, gaurko bozetan iruzurra egon daitekeela ohartarazi baitute hiru hautagai nagusietatik bik.
p037_f02_140x140.jpg

Stéphane JOURDAIN (AFP) | PORT-AU-PRINCE

Hauteskundeek Haiti egonkortzen lagunduko dutela defendatzen duenik bada, baina kanpainaren amaiera ikusita, haitiarrek jasaten duten etengabeko krisi egoera areagotu baino ez dela egingo pentsa daiteke. Izan ere, ahaztu gabe dagoen lurrikara eta uharte txiroa astintzen ari den kolera epidemiari bozaldien zilegitasuna zalantzan jartzen duen eztabaida gehitu behar zaio. Gaurko egunean presidente bihurtzeko aukera gehien dituzten hiruretatik bik iruzurra egon daitekeela ohartarazi dute.

«Herrialdeko 500 hauteslekutan erabiliak izango diren 500.000 boto [faltsu] prest daudela jakin badakit, gobernuaren hautagaia babesteko», salatu zuen ostiral arratsaldean Mirlande Manigat oposizioko hautagaiak, egungo presidente Rene Prevalen ondorengoari, Jude Celestini, aipamen argia eginez.

«Egia da, hauteskunde hauek ez dira sinesgarriak izango. Iruzurra masiboa izango da. Aurreikusten ari gara. Emaitza ez da herritarren borondatearen adierazgarri izango, duda gabe», gaineratu zuen Michel Martelly abeslari ezagunak, oposizioko beste hautagaiak.

Testuinguru horretan, eta urrian atzemandako kolera epidemiaren ondorioz hildakoen kopurua 1.648 lagunera iritsia dela, bozkatzeko eskubidea ematen duen txartela hartzera hurbildu ziren ostiralean milaka eta milaka haitiar, hauteskunde kanpainaren amaierarekin batera, artean 250.000 hildako eta 1,3 milioi lagun kalegorrian utzi zituen lurrikararen zauriak itxi gabe daudela.

Bozetan parte hartuko duten lau milioi haitiarrek, alabaina, ez dute miraririk espero hemezortzi hautagaiengandik. Parlamentariak eta senatarien herena ere aukeratuko dituzte gaur.

Kanpainan zehar sortutako istiluen ondorioz bi lagun zendu direla ere aintzat hartzekoa da.

Bozak atzeratzeko eskatu dutenei erantzunez, Ameriketako Estatu Batuen, NBEren eta Europar Batasunaren apustua hauteskundeak egitea da, gertatzen dena gertatuta ere. Egonkortasuna amets, hondamendiak bata bestearen atzetik jasan izan dituen herrialdeari arnasa emateko moduaren gainean adostasunik ez dago, ordea, gaur egun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo