GARA > Idatzia > Kultura

Letoniar animazioa eta belgikar termak, Zinebiko sarietan nagusi

Banu Akseki belgikarraren «Thermes» fikzio lanak eta Jurgis Krasons letoniarraren «Norit krupi» animaziozkoak eskuratu dute Zinebi jaialdiko Sari Nagusia, «ex aequo», lehiaketan ziren 73 lanen artean «erraz nabarmenduta», epaimahaiaren esanetan. Saridunen artean daude «Birdboy» eta «Artalde» Euskal Herriko lanak.

p054_f01_153x096.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiak, Zinebik, atzo itxi zuen 52. edizioa, Arriaga antzokian sariak banatuta. Sari Nagusia bi filmek banatu dute, lehian izan diren 73 lanen artean nabarmendu direlako, epaimahaiaren bozeramaile jardun duen Luis Marias Bilboko gidoigilearen hitzetan.

Banu Aksekiren «Thermes» eta Jurgis Krasonsen «Norit krupi» izan dira goraipatutako lanak, Sari Nagusia banatzeaz gain beren ataletako sariak jaso dituztenak: lehenak, belgikarrak, fikzioari dagokion Urrezko Mikeldia lortu du; eta bigarrenak, letoniarrak, Animaziozko Urrezko Mikeldia.

Epaimahaiaren aburuz, film letoniarrak «eskertzekoa den umore ganberroa azaltzen du, eta inpaktua lortu, irudien bitartez» -jaialdia umore faltan zela aitortu zuen Mariasek-. Animazioan lan eskerga egindakoa den Irina V. Evteeva errusiarraren esanetan -atal honetan lan asko eta onak aurkeztu omen dira-, «marrazkien kalitate teknikoa eta kontatzen den istoriaren arteko oreka ondoen gorde duena da».

Zinemagileak

«Thermes» lanak, bestalde, «ama eta semearen arteko inkomunikazio eta bakardade egoera kontatzen du», betiere, ura presente dela -terma batean garatzen baita 25 minutuko laburra- . Eta «trataera zein gidoi bikaina du». Bata zein bestea, «ikusitako lan guztien gainetik daude, nabarmen», esan zuen deliberatze lan gogorra izan duen epaimahaiak. «Bakoitzak bere jatorri eta lan arlo ezberdina dugu, eta bi filmak saritzeak esan nahi du erdiak baten alde eta beste erdiak bestearen alde egon garela», bota zuen Mariasek, eta eztabaidak nolakoak izan diren argitzeko, epaimahaiko gizonezko bakarra bera zela gogoratu zigun. Errusiar zuzendariaz eta bilbotar gidoigileaz gain, Ana Cacopardo, Natalia Marin Sancho eta Emily Wardillek osatu dute epaimahaia.

Banu Akseki Bilbon zen atzo, eta azaldu zigunez, «publikoa ukitu nahi nuen, eta sariak erakusten digu hori lortu dugula. Ama eta semearen arteko harremana agertzen dut, uraren omnipresentzia apropos bilatuta».

Atal bakoitzeko urrezko eta zilarrezko Mikeldiez gain -ikusi fitxa-, Espainiako Sari Nagusia jaso zuen Asier Altunaren «Artalde» eta Euskal Herriko Sari Nagusia jaso zuen Pedro Rivero eta Alberto Vazquezen «Birdboy» lanek ere zeresana sortu zuen epaimahaian. Lehenaz «errealizazio bikaina du» aipatu zuten, eta ikusi zuenetik erasanda dagoela aitortu Evteevak. Eta bigarrenaz, «gidoi harrigarria du eta ebokazio indar handia», esan zuten. «Biak ala biak, metafora globalak agertzen dituzten alegoriak dira».

Goraipamenak entzunda, pozik ziren atzo Altuna eta Rivero. «Jaialdien zirkuitua hasi berri du, eta maila ona dago lehian diren filmen artean», esan zuen Altunak. Eta animaziozko laburraren jatorria azaldu zigun Rivero bilbotarrak. «Alberto Vazquezen `Psiconautas' komikia irakurri eta gustatu zitzaidanez, deitu egin nion, eta filma egitea proposatu. Oso oinarrizko ikonografia darabil kontu emotibo, hurbileko eta mingarriak kontatzeko, fabula moduan». Gainera, «pozik gara, Kimuak-en hautatu ez badute ere -Altunarena bai- saria jaso baitu, baita irlandar jaialdi batean ere».

 

«egungo gizartearen metafora da `Artalde'»

Iragan uztaileko bi egunetan, eta «kamera nahikotxo erabilita» Bilboko kaleetan grabatua, Sagarzazu artzain lanetan ageri duen dokumentalari buruz egin dugu berba Asier Altunarekin.

«Banuen beldur bat, ulertuko ote zen film laburra, eta harritu nau saria jasotzeak. Zerbait heldu da epaimahaikoengana, antza», aitortu digu bergararrak. «Artalde»-k kontu asko ukitzen ditu, intuitiboki: «Hiritik naturara bidea, animaliaren eta gizakiaren arteko muga -oso gustuko duen gaia-, artaldea gizartean... lider edo gidari baten beharrarekin... Modu metaforikoan gaurko gizartean inspiratuta dago».

Laburrean, «azpimarratzekoa da antzezleen lana, eta Pako adibidez, izugarri dago. Lanean parte hartu duten guztiontzako oparia da saria».

Gaur Altunaren lana berriro ikusteko aukera izango da Zinebin, saritutako beste lanekin batera, Arriaga antzokian 18.00etan denak emango dituzte-eta.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo