GARA > Idatzia > Kultura

Leok'k musika taldeak bideoklip bat grabatu du emakume sahararren alde

GARA | ZESTOA

Zestoako Leok'k taldeak bideoklip bat aurkeztu zuen atzo prentsaurrekoan. Dagoeneko entzungai da beren webgunean: www.myspace.com/leokkmusika helbidean. 2006an sortu zuten «Saemel» (Saharako emakumeenganako elkartasuna) proiektua, eta horri bultzada eman nahi diote bideokliparekin.

Besteak beste, «Une bat...» diskoa grabatu zuten maiatza eta uztaila bitartean, eta irailean plazaratu zuten beren herrian. Jakinarazi zutenez, CDaren salmentatik eta egiten dituzten emanaldietatik ateratako diru guztia gizarte-ekintza batera zuzenduko dute: Mendebaldeko Saharara. Zehazkiago esanda, Saharar Emakumeen Batasun Nazionala (SEBN) erakundearentzat izango dira diskoarekin jasoko dituzten sosak.

Eginkizun horrekin aurrera segitzeko, «Une bat...» diskoko «Urolako tren zaharrean» kantarekin bideoklipa osatu dute. Diskoa salgai dago, 13 euroan, Elkar dendetan. Saharar Herriaren Aldeko elkarteen bidez ere eskura daiteke, eta nahi izanez gero, e-posta bidez egin daiteke eskaera.

Azkenaldian Mendebaldeko Saharan gertatu direnak ikusita, Saharar Herriaren Aldeko Elkarte baten lekukotza ekarri nahi izan zuten prentsa agerraldian: «Mendebaldeko Sahara jasaten ari den une gogor hauetan, bat egiten dugu beren doluarekin eta ezintasun sentimenduarekin», adierazi zuten. Beren elkartasuna eman zieten Mendebaldeko Saharan marokoarren erasoen beldur bizi direnei: errefuxiatuei, kanpalekuetan arduratuta daudenei eta gure artean bizi diren sahararrei. Gaineratu zutenez, erasook ez dira berriak sahararrentzat. 35 urte daramatzate marokoarren errepresioa eta torturak jasaten. Denbora horretan guztian irtenbide bila ibili dira eta sahararren pazientzia agortzear da.

Hala ere, oraindik arazoari irtenbide baketsu bat ematen ahal zaiola ziurtatu zuten: «Sahararrei beren herrian libre bizitzen uzteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo