Sarearen neutraltasuna Europan
Interneten sorreraren eta eboluzioaren oinarria neutraltasuna da, ez dago edukien sailkapen mailakaturik. Neutraltasun hori ez da inongo legetara bildu behar izan... harik eta haren kontrako ahotsak altxatu diren arte. AEBak eta EB elkarri begira daude, Interneten berezko neutraltasunak bere horretan jarraitu behar ote duen «argitzeko» zain. Eta badira neutraltasun horren kontrako interes ekonomikoak dituztenak.
Sarea neutral jaio zen. Internetek neutraltasuna berezkoa du. Sare neutral batean eduki guztiak maila berean kokatzen dira. Ez dago edukien sailkapenik. Ez da sarea mailakatzen. Edukietan ez dago mugarik. Ezta komunikazioetan ere. Sare neutral batean P2P bidez deskargatutako edukiak, Skype bidezko elkarrizketak edota edozein motatako web edukiak baldintza berdinetan garraiatzen dira. Testuak, irudiak eta bideoak kable berdinetan barna doaz eta datoz, guztiak lehentasun berberarekin. Ez dago trafikoaren murrizketarik ez sailkapenik. Sare neutral batean ez dago maila bateko edo besteko edukirik. Neutrala da, berdintasunean oinarritua. Eta horixe da Internet bere jaiotzatik: sare neutral bat. Neutraltasun hori Interneten jaiotzaren eta eboluzioaren oinarria da. Neutraltasun hori gabe, Internet ez zen gaur dena izatera iritsiko.
Eboluzio hori, gainera, inon ezer erregulatu gabe gertatu da. Hau da, Internet neutrala jaio zen eta, neutraltasunaren kontrako ahotsik altxatu ez den bitartean, ez da lege-liburuetan neutrala izan behar duela idazteko beharrik izan. Internet neutrala da, berez. Baina neutraltasunaren kontrako hautsak aspaldi hasi ziren harrotzen, ordea. Azken urteetan, mundu mailan baina, batez ere, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europar Batasunean eztabaida irekita dago. Hein handi batean, gainera, AEBak EBri begira daude, ea kontinente zaharrak zer egiten duen, horrek AEBetan eragin itzela izango duelako. Eta, bestetik, EB ere AEBei begira dago, arrazoi eta helburu berberarekin: sareak neutrala izan behar duen edo ez argitzeko. Interneten berezko izaeraren ezaugarri den neutraltasuna, bere horretan mantendu behar den edo Interneteko trafikoa kontrola, neur eta muga daitekeen edukien dantza den. Hori da eztabaidara ekarri dutena. Eta, noski, horixe erregulatu nahi dutena: neutraltasun eza. Eta, besteak beste, zer lortuko dute? Internet bere arrakastaren biktima bilakatzea.
Neutraltasunaren kontrako ahots interesatuena ISP delakoak dira. ISPak Interneteko Zerbitzu Hornitzaileak dira (Internet Service Provider, ingelesez), esaterako: Telefónica, Jazztel eta Euskaltel. Alegia, norbanako erabiltzaileei edo elkarte, erakunde edo instituzioei Interneteko zerbitzua eskaintzen dieten telekomunikazio enpresak dira ISPak. Eta, hortaz, Interneteko zerbitzua ordaintzen diogun enpresa hori da, une honetan, gure ISPa.
ISPak, Interneten eboluzioaren aurrean, askotan kexatu dira. Kexa horien jatorria, noski, arrazoi ekonomikoetan sostengatu da beti. Esan nahi baita, ISPentzat hilero ordaintzen dieguna ez dela nahikoa eta, Internet nonahikoa, gero eta anitzagoa eta eboluzio azkarrekoa denez, beste diru-iturri batzuk bilatzeari ekin diotela, kosta ahala kosta. Nahiz eta erabiltzaileen eskubide digitalak errotik urratzen ari direla jakin. Nahiz eta Interneteko trafikoaren kontrolatzaile izateko lotsagabeki beren burua aurkeztu. Eta bide horretan, ISPak beren azpiegitura eta zerbitzuari ahalik eta etekin handiena ateratzen tematu dira.
Batzuetan Google, Microsoft, Facebook edo Yahoo! bezalako bilatzaile eta enpresa handietara zuzentzen dira, ulertzera emanez beraien bilaketa eta online zerbitzuetarako ISPek eskaintzen duten azpiegitura erabiltzen dutela (sare osoa) eta, beraz, azpiegitura horiek erabiliz irabazten duten diru kopuru mugagabeen zatitxo bat ordaindu egin beharko lieketela. Hau da, eta adibidez, Googlen zerbait bilatzen dugunean, Googlek sare osoa arakatzen duela, ISPen kableetan barna ibiliz, hara eta hona, emaitza gure pantailan erakusten digun arte. Eta horretxegatik, zerbitzu horrengatik ordaindu egin beharko lieketela esaten zieten ISPek bilatzaileei. Eskari honi izena ere jarri zaio: Google tasa.
Google tasa hori Europako Parlamentuan herrialde askok defendatu dute, tartean estatu espainolak eta frantsesak. Beste zenbait europarlamentariok, erabiltzaileen elkarteek eta online edukietan oinarritzen diren enpresek Google tasaren kontrako adierazpenak egin dituzte. Halere, ISPek lobby lan izugarria egiten dute EBn eta Google tasa deiturikoa errealitate bilaka daiteke, egutegian gehiegi aurreratu gabe.
Azpiegituraren erabileragatik ordaintzetik harago, ordea, ISPak beren azpiegituraren erabilera kontrolatzeko ahalegin bortitza egiten ari dira azken urteotan. Eta erabileraren kontrol hori da, hain zuzen, sarearen neutraltasunaren kontrako erasorik zuzenena. ISPak beren kableetatik garraiatzen den trafikoa aztertu eta lehentasunak markatzeko eskaini dute beren burua. Alegia, Googlek Youtubeko bideoak lehentasunezko trafikoa izatea nahiko balu, ez luke ISPei ordaindu besterik. Eta, noski, guk ordaintzen dugun Interneteko konexioa ez da gure trafiko-beharretara egokituko, gure ISPak ezartzen duen mailaketara baizik. Hau da, ISPek erabakiko dute zer den lehentasunezkoa eta zer ez, lehentasunezkoa bilakatzearen truke dirua jasoko dutelarik. ISPak, beraz, produktu berri bat eskaini nahi dute: edukien sailkapena eta horren araberako garraioa. Produktu berriekin, negozio berriak. Eta hona bi adibide, argiago gera dadin.
Demagun gure ISPak Google ez den beste bilatzaile batekin esklusibitate kontratu bat sinatu duela. Hori horrela, gure ISParen helburua gure bilaketak bilatzaile esklusibo horretara bideratzea izango da eta, hori lortzeko bidean, Googleen bilaketa bat egiten saiatzen bagara, konexio oso geldoa eskain diezaguke. Alegia, zerbitzuaren degradazio bat gertatuko litzateke, Google bilatzailearen zerbitzuak ezin erabiltzera ere irits gaitezkeelarik. Nork erabakitzen du, beraz, gure ordez? Nor da hilero ordaintzen diogun ISPa, gure bilaketak eta gure nabigatzeak kontrolatu eta bere komenentziara aldatu eta egokitzeko?
Beste adibide garbi bat Skype da. Skypek Internet bidezko deiak egitea ahalbidetzen du. Ordenagailutik ordenagailura ez dugu ezer ordaindu behar (ISPari ordaintzen diogun konexioa, ez besterik). Ordenagailutik telefono batera deitzen badugu, deiak oso merkeak dira. Bada, pentsa dezagun, Telefonicak, adibidez, Internet bidezko deien zerbitzu bat sortzeko asmoa duela (edota hori gabe ere). Skyperen deien kalitatea jaistea erabaki dezake, dei horien datuak mantsoago bidaliz, mozketa etengabeak sortuz, deia bera desagertzeraino. Hau da, garraiatzen diren datuak sailkatzeko aukera baldin badute, nahi dutena egin dezakete.
Eta hori guztia da ISPek lortu nahi dutena. EBn eztabaida pil-pilean dago. Txile da, mundu mailan, sarearen neutraltasuna legez erregulatuta duen herrialde bakarra (hori lortzeko hiru urteko borroka luzean egon dira Internet erabiltzaileak). EB, ordea, kontrako norabidean doa. EB neutraltasunaren mugak non eta nola ezarri aztertzen ari da. Eta ISPak presio handia egiten ari dira. Ekainaren 30ean kontsultarako galdetegi bat plazaratu zuen EBk, hiru hilabeteko epe batekin erantzuteko konpromisoarekin. Erantzun guztiak sarean daude. Denetarik dago, ziur, baina estatu espainolak eta frantsesak, neutraltasun ezaren auzian ere, argi berdea piztu dute.
Nolakoak diren gauzak. Internet neutrala sortu zen. Neutrala delako da egungo Internet. Eta hor datoz mota guztietako interesak, Internetek berezkoa duena legez zapaltzera. Mundua justuagoa bilakatzen duena desagerraraztera. Eta lortzen badute, Internetekiko gure harremanean sekulako eragina izango du. Gelditu beharra dago: eskubide digitalen bandera gure egin.
Internet eskubide unibertsala da. Internet, Internet bada, neutrala delako da. Eta neutrala bada, librea delako. Eta libre izaten jarraitu behar du, erabiltzaileok ere sarean libre izan gaitezen. Adi, beraz.