KIROL ESKALADA Lehia
Pirinioetako 213 hirumilakoak ukitu alpino handiarekin Arrakasta eta festa giroa Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoian
Andoni ARABAOLAZA
Lasai asko esan genezake eskalada txapelketa herrikoien artean arrakasta handia duenetariko bat Oiartzungoa dela. Girizia Mendi Elkarteak eta haren Eskalada Taldeak antolatuta, hitzordu honek, zailtasuneko eskaladakoak, betidanik izan du oihartzun zabala.
Hil honen 20an, Oiartzungo txapelketak hamargarren ekitaldia izan zuen. Hamarkada bat bete du, beraz, izaera herrikoia duen eskalada festa honek. Beti izan du izaera herrikoia, hots, maila eta adin guztietako eskalatzaileek har dezakete parte. Eta hori egiten aitzindarietako bat dugu Gipuzkoako herri horretan egiten den lehiaketa.
Aipatu dugun bezala, hamargarren aldiz jokatu da. Eta, aurrekoetan gertatu den bezala, deialdia arrakastatsua izan da. Izan ere, 94 lehiakidek hartu zuten parte. Eta ohi den legez, Euskal Herriko txoko askotatik iritsitakoak ziren: Arrasate, Gasteiz, Ondarroa, Txantrea, Ibarra, Hernani, Donostia, Tolosa... Eta, jakina, oiartzuar batzuek ere ez zuten hutsik egin.
Emozio handia
Goizean hasi ziren lehiak. Hasteko, finalerdiak jokatu ziren. Parte hartzaileek eskalatzeko aukera izan dezaten, antolatzaileek hainbat bide ekipatzen dituzte. Aurten ere IV, V+, 6a, 6b, 6c+/7a eta 7b zailtasun artekoak. Eskalatzaile bakoitzak bi bide aukeratu behar izan zituen, eta, jakina, zenbat eta zailtasun handiagokoa kateatu, orduan eta puntu gehiago batzen ziren.
Bi mailatan (neskak zein mutilak) banatu zituzten: gazteak eta helduak. Nahiz eta herrikoientzat begira antolatzen den, aurtengo ekitaldian argi asko ikusi da lehiakide askoren maila oso ona dela.
Finalerako txartela eskuratu zutenek saio gogorra izan zuten. Ekipatzaileek lan zaila jarri zieten finalistei.
Eta finaletan ikusitakoa aintzat hartuta, oro har, baiezta daiteke lehiakideen arteko berdintasuna ia erabatekoa izan zela. Bai, lau kategorietatik hirutan superfinalak jokatu behar izan ziren.
Neska gazteetan, adibidez, Jone Ugartemendiaren eta Mirian Mulasen artean izan zen lehia; Ugartemendia nagusitu zen. Mutiletan, berriz, sei finalisten artean superfinala jokatu zen. Onena Omar Bel Ali izan zen. Bigarren postua Kepa Bruñarentzat izan zen eta, hirugarrena, berriz, Iker Elosegirentzat.
Neska helduetan ez zen superfinalik izan. Irabazlea Ane Mujika izan zen; bigarrena, Zuriñe Arrue; eta hirugarrena, Josebe Zarautz. Eta mutiletan berriro ere superfinala. Jonbe Agirrek irabazi zuen; Iñaki Arantzamendi bigarren sailkatu zen; eta Aritz Dominguez, hirugarren.