GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Jarduera

Pirinioetako 213 hirumilakoak ukitu alpino handiarekin Arrakasta eta festa giroa Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoian

Marta Alejandrek, Juan Carlos Gimenezek eta Fernando Errekaldek hirumilako guztiak igo dituzte irailaren 1a urriaren 22a bitartean. 52 eguneko jarduera horretan Pirinioetako ertz entzutetsuenetariko batzuk eskalatu zituzten; besteak beste, Costerillou-Frondiellas.

p048_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Nahiz eta etxean bertan izan, Pirinioak gutxietsi egiten ditugula diote askok. Iritzi horrekin bat ez egin arren, argi dagoena da mendizerra hori «jolas-eremu» paregabea dela, alegia, jarduera ederrak egiteko parada ematen duela.

Marta Alejandre, Juan Carlos Gimenez eta Fernando Errekalde iritzi horretakoak dira. Gainera, kontuan hartzen badugu Pirinioak «lantoki» dituztela, bada, argi eta garbi geratzen da mendi horiek erakusleiho bikaina direla.

Hirukote honek ez du inolako aitzakiarik izan oso jarduera interesgarria egiteko. Hirurek ala hirurek joan den irailaren lehenean erronka erakargarri bati hasiera eman zioten. Villanuan bizi den mendi gidari eibartarrak, Errekaldek, asmoaren berri eman digu: «Pirinioetako 213 hirumilakoak lotzea zen gure asmoa; hori bai, jarraian.»

Hasi eta bukatu, horixe egin zuten piriniozale hauek. Esan dugun legez, lehen urratsa irailaren lehenbiziko egunean eman zuten eta ,azkena, urriaren 22an. Guztira, 52 eguneko jarduera izan da; horietako 40 mendian egin dituzte. Gainerakoak, berriz, alderdi batetik bestera joanez eta eguraldi traketsa zela-eta behartu egindako geldialdietan joan zitzaizkien.

Beste datu batzuk ere badituzte: 52 eguneko jarduera horretan ia 65.000 metroko goranzko desnibela pilatu eta ia 342 ordu egin dituzte mendian. Datu objektibo eta «hotzak» dira, baina hirukoteak bestelako irakurketa ere egin du: «Inolako zalantzarik gabe, eromen nekagarria izan da. Merezi izan duela ez dugu zalantzan jartzen; uste dugu beste urrats bat eman dugula, edo horretarako balio izan digula. Hilabete eta erdi pasa dugu geure mendiekin gozatzen. Horretaz gain, aipatu behar dugu hainbat igoeratan lagunak izan ditugula alboan. Eta horrek ere asko bete gaitu. Gailur bakoitzetik geure Pirinioak ikusi, ezagutu, bidaiaren urratsez gozatu, sentitzen ari zarenaz jabetu... eta hori guztia `etxean' bertan. Egitasmoa ikaragarria izan da!».

Hori guztia aipatu ondoren, beste hau ere esan behar dugu: 213 hirumilakoei ukitu alpinoa eman diote. Bai, gauza bat da hirumilakoak oinez igotzea, eta bestea horietara heltzeko eskalada egitea. Jakina, hirumilako batzuk soilik eskalatzen igo daitezke. Horrela bada, Alejandrek, Gimenezek eta Errekaldek 24 ertz hautatu zituzten (ikus zutabean): «Nahiz eta zailtasun tekniko handirik ez izan (soilik IV zein V mailako pausoren bat eskalatu), denbora asko eman dugu sokarik gabe gora egiten; askotan amildegi ikusgarriekin eta harkaitz oso-oso txarrarekin. Horrek guztiak alpinistago egiten zaitu; ez da erraza lortzen, batez ere eguneko ordu piloa egiten genituelako».

Jakin bazekiten eguraldiak baldintzatuko zuela hasitako jarduera, eta, oro har, eragozpenak ondo gainditu badituzte ere, egun batzuk erabat geldi pasa behar izan zituzten. Jakin bazekiten ere, erronka hau aurrera eramateko garairik aproposena uda zela. Baina, mendiko gidariak direnez, lanez gainezka ibili ziren udaldian. Behin lan kontu guztiak alde batera utzita, «mendira» jo zuten: «Urteko lanaldi oparoena ezin genuen alde batera utzi, eta horregatik irailaren lehenbizikoarekin batera lehen urratsa eman genuen. Oso eguraldi ona izan dugu etapa askotan, baina bagenekien lehen elurteek harrapatuko gintuztela. Eta hala izan zen. Horrek ere ukitu interesgarria eman zion guk antolatutako erronkari, besteak beste, une batetik bestera planifikatutakoa aldatu behar izaten genuelako».

52 eguneko jarduera horretan denetarik bizi izan dute. Baina, hirurek onartu dutenez, une oso ederrak igaro dituzte: «Costerillou eta Frondiellas lotzen dituen ertza egunean egin genuen. Aterpera ia afaltzeko orduan iritsi ginen, eta denok bat etorri ginen honako hau baieztatzean: inoiz ez dugu egun hori ahaztuko. Eguraldiari dagokionez, ederra baino ederragoa izan zen, eta den-dena primeran atera zitzaigun. Eskalada horretan ertzak eskalatzen hartu dugun abilezia ondo baino hobeto indarrean jarri genuen. Lasai eta azkar mugitu ginen. Behin aterpera helduta, soilik egun horregatik egitasmoa egitea merezi izan duela ondorioztatu genuen. 14 orduko jarduera, 8 hirumilako, eta eskalatzen: ederra!».

Egun ederra bai, baina egun aldrebesak ere bai. Izan ere, Gavarnieko zirkuan lotzen ari ziren hirumilakoetan hainbat gorabehera izan zituzten: «Petit Vignemaletik Pique Longuera dena ondo joan zen. Baina Clot de la Hount-en ondoan dauden bi orratz igo behar genituen. Eguraldia ez zen ona, batez ere lainoagatik ezer gutxi ikusten genuelako. Gainera ohartu ginen kranpoiak erabili behar genituela, eta horiek Clot de la Hount-en utzi genituen. Berriro gora egin behar izan genuen, kranpoiak hartu eta behealdera jo, orratz horiek igo ahal izateko. Oso gutxigatik bi orratz horiek igotzeko erabakia bertan behera utzi genuen. Horretaz gain, nahastu egin ginen. Baina, azkenean, gure helburua bete genuen».

Amaitzeko, adierazi dute Crabioules-Lezat-Quayrat izan dela gehien gustatu zaien ertza: «Bederen, egitasmoaren hasieratik eskalatutako ertz hori gehien bete gintuena izan zen; Salenques-ekoa baino gehiago».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo