GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

«Bi olatu egin nituen ur azpian; 30 segundo inguru»

p052_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA |

Oierrek ikasketa ugari eginak ditu unibertsitatean (Industria Antolakuntzan ingeniaria, Mekanika Industrian ingeniari teknikoa, Lan Arriskuen Prebentziorako goi mailako teknikaria) eta familiaren enpresa batean egiten du lan. Horretaz gain, surfa maite du eta kirol honi lotuta makina bat gauza egiten ditu. Zutundu surf eskola mugikorreko irakaslea da, Youtubeko «surfzaleak» bideoen egilea, surf taulak egiten ditu... Eskarmentu handiko surflaria da.

Noiztik dituzu olatu handiak zaletasun?

Itsasaldi handiek betidanik erakarri izan naute. Txikia nintzela, bizikleta hartu eta Orruara joaten nintzen Ibontxo eta Kanguro olatu handiak hartzen ikustera. Itsasaldi handiek naturaren indar izugarria erakusten dute; ez daukagu bera menderatzerik eta horretara egokitzen ikasi behar dugu. Olatu handietan nork bere burua proban jartzen du, muga non dagoen jakin behar du eta hori gustuko dut.

Bidaia bat egiterakoan, zein irizpideren arabera aukeratzen duzu lekua?

Lehen irizpidea tuboa da. Tuboak egiteko aukera dagoen leku bat hautatzen dut. Bigarren irizpidea olatuak gutxieneko indarra izango duen leku bat hautatzea litzateke, baina tuboak dituen leku batean olatuek indarra dute, beraz irizpide nagusia tuboak lirateke.

Zeintzuk izan dira zugan eragin handiena izan duten bidaiak?

Lehen aldiz Kanarietara joan nintzenean 14 urte nituen. La Santako olatuak hartu ostean itzelezko diferentzia nabaritu nuen. Ordutik, askotan joan izan naiz hara. Marokon olatu onak hartu nituen, baina desberdintasuna ez zitzaidan hainbestekoa iruditu. Maldivetan ere izan nintzen; olatuak onak dira, maniobrak egiteko egokiak, baina ez dut uste tuboak egiteko leku onena denik. Gero, 17 urterekin Indonesiara joan nintzen; hor gozatu nuen, kalitatea, tuboak,... G-Landen ere izan nintzen eta oroitzapen ona daukat. Ordutik birritan izan naiz han.

Mexikon, Iñigo Landarekin izan nintzen. Oso potentea. Gainera asko ikasi nuen han. Txikota luzea noiz erabili, noiz itsasoratu txikotarik gabe eta abar. Olatu handiren batek atzematen gintuenean, bertako jendea ia hondoratu ere ez zela egiten konturatu nintzen, aparraren kolpeak itsasertzera bultzatzea nahi zutelako. Ni, ordea, ahalik eta gehien hondoratzen saiatzen nintzen eta hurrengo olatua etortzen zenean berarengana bultzatzen ninduen, modu horretan, olatuak lehertzen ziren lekutik atera ezinean egoten nintzelarik. Mota horretako olatuetan nola jardun ikasi nuen.

Izan naizen leku bortitzena Tahiti dela uste dut. Itsasbazterretik olatuak ia ez dira ikusi ere egiten, arrezifea urrun baitago, beraz, ez dakizu ziur bertaratzean zer aurkituko duzun. Han oso ohikoa da, metro bateko olatuetan surf egiten ari zarela, bat-batean bi metroko olatu serie batek atzematea.

Itsasoaren iragarpenak begiratzean, zeintzuk dira aurkitu nahi izaten dituzun baldintzak?

Bi metroko olatuak eta ekialdeko haizea, Hossegor aldera jotzeko baldintza egokienak. Jendeak Mundaka goraipatzen du eta, egia da, sekulako olatua da; saio bikainak izan ditut bertan, baina nire kasuan, tuborik onenak Hossegorren egin ditut. Mundakan jende asko izaten da, norabide bakarreko olatua da eta denok pilatuta izaten gara. Oroitzen ditudan saio onenak Hossegorren izan ditut.

Azken itsasaldietan non aritu zara surf egiten?

Hiru itsasaldi on izan dira azken asteetan. Lehenengoan, Karramarron aritu nintzen, Zarautz eta Getaria artean, baina itsasaldi hartako saio aipagarriena Getariako Malkorbe hondartzan egin nuen. Sinesgaitza! Malkorben surfean! Hor ez da inoiz olaturik sartzen, eta gainera olatu nahiko onak ziren, urertzetik gertu eta indarrarekin lehertzen ziren.

Bigarren itsasaldian Izuztarrira jo nuen. Jendeak «roca puta» deitzen dio, baina nik nahiago dut lekuak duen izenaz deitu. Izuztarrin, 3,5 metroko olatu onak izan ziren.

Hirugarren itsasaldia azaroaren 13an izan zen. Berriz ere Izuztarrin izan nintzen eta esperientzia gogorra izan nuen, bi olatu gainetik pasa zitzaizkidan eta oxigeno faltagatik ia konortea galdu nuen urpean.

Lehenago ere izango zenuen muturreko esperientziarik, ezta?

Bai. Hiru izan dira olatu handietan izan ditudan estualdiak. Lehena, Deban izan zen. Iñigo Landarekin (Panda) nengoen; halakoak gertatzen zaizkidanean ondoan izaten dut. Nire susto guztietako kidea da. 2003ko udazkena zen. Udan Mexikon izan ginen eta indartsu geunden. Korronteak ezkerrerantz eraman gintuen, hondartza aldera. 7 olatuko serie batek atzeman gintuen. Ez zen oso handia, hiru metro izango zituen, baina azken olatuak denbora asko izan ninduen ur azpian eta oso nekatuta atera nintzen. Gero, Pandarekin hitz egiten, kontatu zidan bera ere oso larri zegoela, baina ni ikusita, zera pentsatzen omen zuen, «tira, Oier ere hor dago eta horrek hau jasan badezake, baita nik ere».

Bigarrena Indonesian izan da, Padang-padangen. Panda ere han zen, kasualitatez. Aurten abuztuan izan den itsaskirik onena. Olatu bat hartu eta itxi egin zitzaidan. Itzuleran, arrezife gainean geratu nintzen, zutik, lehorrean. Pare bat apar iragan nituen horrela, nola edo hala, baina ezustean zulo batean sartu nintzen eta ezin nintzen atera. Nik gorantz egiten nuen, baina aparrak beherantz bultzatzen ninduen. Azkenean eskuez zuloetako bi ertzak heldu eta gorantz atera ahal izan nintzen. Eskuak eta bizkarra zauritu nituen koralarekin, baina onik atera nintzen.

Hirugarrena, gogorrena izan da, Izuztarrikoa. Lau metroko olatu onak zeuden. Goratz Behobide, Iribar getariarra, Iñigo Landa eta laurok geunden uretan. Serie handia sartu zen ezustean. Lehen olatua Pandak hartu zuen eta itxi egin zitzaion. Begira geratu nintzen, serie handia izan baitzen. Panda onik ikusi nuenean lasaitu nintzen.

Bigarren serie handia etorri zenean, gainontzekoek olatua ongi iragan zuten, baina niri, olatua pasatzean, olatuak txikotatik tira eta urperatu egin ninduen. Beste bi olatuk harrapatu ninduten, baina ongi jasan ahal izan nituen. Panda hurbildu zitzaidan eta ondo nengoela erantzun nion.

Gero, haizea harrotu egin zen eta kanpora ateratzeko prestatzen hasi ginen. Iribar, olatu batekin kanporatu zen. Bat-batean kanpoan zegoen jendea txistuka hasi zitzaigun serie handi bat zetorrela ohartarazteko. Lehen olatua ekidin nuen, baina bigarrenak bete-betean harrapatu ninduen. Izuztarrin, tamaina horretako olatu bat pixkanaka hasten da lehertzen baldintza egokietan, baina hego haize indartsuak olatua bultzatzen zuen, lehertzea galaraziz, eta lehertu zenean, indar handiagoarekin lehertu zen. Bost metroko «orillera» bat zen. Presio handia sentitu nuen beherantz, asko hondoratu ninduen eta buelta ugari eman nituen. Gehiago ezin nuenean, gorantz igeri egiten hasi nintzen, baina lehen besakada egitearekin berriz ere beherantz bultzatu ninduen apar indartsua sentitu nuen. Ordurako leher eginda nengoen eta gorputza hilda utzi nuen. Edozein kasutan ahoa itxita mantentzea nuen helburu. Eskuak eta oinak txingurritzen hasi zitzaizkidan, birikak estutzen sumatzen nituen eta konortea galtzear nintzela antzematen nuen. Halako batean, dena zuri eta argi ikusi nuen, gainazaletik hurbil nengoen. Nik ez nuen ezer egin gainazalera igotzeko; ez nengoen ondo, indarrik gabe nengoen, erdi zorabiatuta, baina esfortzu handiz, arnasaldi motz eta azkarrak egin nituen burua oxigenatzeko. Bost segundo nituen hurrengo olatua gainera etorri aurretik. Eskuak jaso nituen kanpoan zegoen jendea ohartarazteko. Beste bi olatu etorri ziren. Batean hondoa ukitu eta oinekin gorantz egin ahal izan nuen.

Apar bat hartu eta urertzera gerturatu ahal izan nuenean Panda eta Goratzekin egin nuen topo. Hirurok zuri-zuri atera ginen. Kanpoan, sekulako buruko mina jarri zitzaidan, oxigeno faltaren ondorioz edo. Gero, kalkuluak egiten aritu ginen, eta 30 segundo inguru egin nituen ur azpian.

Oier ILLARRAMENDI IRIBAR

SURFLARIA

Agian ez da oso ezaguna 27 urteko zarauztar hau. Zalaparta handirik gabe bere bidea egin duen horietakoa da, baina puntako surflaria da dudarik gabe. Bere curriculuma luzea da, bai txapelketetan, baita txapelketetatik kanpo ere. Olatu handiak direnean taula hartu eta itsasoratzeko tarte bat bilatzen saiatzen da. Bidaietan eta olatu handietan izandako esperientziaz hizketan aritu gara berarekin.

«Zure gorputza hiltzen ari dela sumatzea gogorra da. Hor behean ezin zaitu inork lagundu»

Izandako esperientziaz eta honek aurrera begira berarengan izan ditzakeen ondorioez mintzo zaigu Oier jarraian. Akats posibleak aztertu ditu eta aurrera begira hobetu dezakeenaren inguruan hausnarketa egin du.

¿Zein ondorio atera duzu gertatutakoaz?

Zure gorputza hiltzen ari dela ikustea gogorra da. Hasieran konortea galtzera nindoala ohartu nintzenean, «lagunduko didate» pentsatzen nuen, baina gero, «nork lagunduko dit ba?», pentsatu nuen. Hor behean bakarrik zaude.

Gaizki pasa nuen, baina ez nintzen gehiegi larritu. Eskerrak, zeren egoera horretan larritzea da okerrena, askoz ere oxigeno gehiago gastatzen baita. Atera nintzenean «eskapada ederra egin diat» pentsatu nuen. Gero, zera pentsatu nuen: hil banintz, gazte hilda, egin gabeko gauza asko utziko nituela, baina, bestalde, surflari moduan, heriotza duina izango litzatekeela. Beraz, zentzu horretan, nahiko lasai hartu dut gertatutakoa. Itota hiltzea nahiko heriotza lasaia da, pixkanaka konortea galtzen zoaz,...

Lehen bi gauetan lo hartzeko arazoak izan nituen. Olatu handietan eskarmentu handia duen jendearekin hitz egin dut. Ibon Amatriainek, esaterako, behin Deban sekulako estualdia izan zuela kontatu zidan, olatu bat eta bestearen atzetik denbora asko egin zuela ur azpian, eta behean zegoenean antsietate krisiak jasaten zituela. Ez dut ezagutzen bi olatu ur azpian iragan dituen inor, beraz, gertatu zaidana ezohikoa da.

Olatu handietan ibiltzeko oso garrantzitsua da fisikoki eta buruz ongi prestatua egotea, baina baita material egokia izatea ere. Agian, txikota luzeagoa izan banu, olatuak ez ninduke ur azpian hainbeste denboraz izango. Nire ustez, guk uste baino gehiago jasateko gai gara ur azpian, zeren lehen olatutik oraindik atera ez, eta bigarrenak harrapatu ninduenean, gehiago ezin nuela pentsatu nuen, baina iraun nuen. Akats larririk egin ote nuen aztertu nuen eta saioan zehar zuzen aritu nintzela uste dut. Olatu artean arnasa hartzeko aukera izan ala ez, itzelezko aldea dago. Nik aurrerantzean salbamenduko txaleko fin bat eramango dut soinean. Olatu handietan adituak direnek horixe gomendatu didate eta ideia bikaina iruditu zait. Naturaren kontra inork ezin du irabazi; muturreko egoeran ibiltzen gara, beraz, norberaren esku dagoena ongi egin behar da, zeren norberak egin dezakeena ahalik eta ondoen eginda ere, galtzeko arriskua dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo