Gernikako Udalak babesa eman dio Madrileko Auzitegi Nazionalak zigortu duen zinegotziari
GARA | GERNIKA
Gernikako Udala kalera atera zen atzo, «Eskubide zibil eta politikoen alde. Adierazpen askatasuna» lelopean, Jesus Mari Alberdi jaietako zinegotziari eta beste gernikar bati Auzitegi Nazional espainolak berriki ezarri dizkien urtebeteko espetxe zigorrak eta zazpi urtez politikan aritzeko inhabilitazioak gaitzesteko. Udaletxe aurrean egin zuten elkarretaratzea eguerdian eta Alberdiren kasua salatzeaz gainera, berari elkartasuna adierazi nahi zioten horrela.
Helburu berbereko mozioa aurkeztu zuten Udalean ezker abertzalearen udal taldeak eta Eusko Alkartasunak, eta udalbatzarrean mozioarekin bat egin zuten PSEk izan ezik gainerako alderdi politiko guztiek. Aurkeztutako testuari babesa emanez, epaia arbuiatzeaz gainera, jai arloko zinegotziak egindako lana aitortzen dute.
Gernikako bigarren alkateorde eta jai arloko zinegotzi da Alberdi, eta «terrorismoa goratzea» eta «diru publikoak bidegabe erabiltzea» leporatuta epaitu zuten auzitegi berezian, 2009ko herriko jaien programan herriko presoen argazkiak agertzen zirelako.