Infozazpi herriz herri ospatzen ari da bosgarren urteurrena
Bosgarren urteurrena ospatzeko, herriz herri saio bereziak egiten ari da Infozazpi irratia. Joan den larunbatean, Arrasaten egin zuten zuzeneko emisioa eta ondoko hilabeteetan hainbat eskualde eta herri zeharkatzeko asmoa dute: Tolosa, Bergara, Azpeitia, Bidasoa, Durango...
GARA | DONOSTIA
Heldu den urtarrilean bost urte beteko ditu Infozazpi irratiak. Proiektua sortu zenean arian-arian garatuko zela azaldu zuten hedabide berriaren bultzatzaileek, eta hala egin dute denbora honetan. Orain, bertze urrats batzuk egitera doazela iragarri dute, irratiari tamaina handiagoa emateko eta bere itzala gero eta zabalagoa izateko. Hori dela-eta, “Geroz eta gehiago” lema aukeratu dute kanpaina honetarako.
Bosgarren urteurrena ongi ospatzeko, herriz herriko itzulia hasi dute. Otxandion izan ziren lehenbizi eta handik Arrasatera jo zuten, joan den larunbatean. Ondoko hilabeteetan Tolosa, Bergara, Azpeitia, Donostia, Errenteria, Bidasoa eskualdea eta Durango bisitatuko dituzte, bertzeak bertze.
Arrasaten agertu zutenez, saio hauek funtsezko hiru osagai dituzte: besta giroa, proiektuaren gaineko informazioa eta herritarren parte-hartzea. Hala, luxuzko estudioen batere inbidiarik gabe eta jende ugariren beroak kaleko hotza uxatzen zuela egin zuten zuzeneko emanaldia. Herritar hauek beren kezka, lan, poz, asmo eta ekintzen berri eman zuten. Irratiak atera berri dituen kamisetak ere eskuratu ahal izan zituzten estudio berezi honetara hurbildu zirenek.
Iñaki Altuna Azti Begia elkarteko lehendakariak gogora ekarri duenez, elkartea izan zen proiektua martxan jarri zuena, eta horretarako herritarrengana jo zuen laguntza eske, helburu argi batekin: ahalik eta jende gehienarengana hedatzea. Geroztik irratiak egonkortzea eta zabaltzea lortu du; oraindik ez du erronka bete, ordea. Altunak erran bezala, zabalagoa izan behar du, Euskal Herrian bizi dugun egoera honetan ezinbertzekoa delako Infozazpi bezalako ahots bat, egunerokotasunean informazioa emateko, iritziak agertzeko, guztiei ahotsa eskaintzeko. Horretarako, orain arteko bidetik jarraituko dute, eta ibilbide horretan lagun izan nahi dituzten herritarrengana oraindik gehiago hurbilduko dira kaleko emanaldiokin.